BIBErlazioak Lezo proiektuak herritarren proposamenak aktibatuko ditu herrian zaintza eta harremanak sendotzeko

Ar, 2026-06-16 14:57

Lezoko Udalak bultzatutako prozesua aurrera doa eta herritarrengandik sortutako hiru lan ildo aztertuko ditu: jarduera eta baliabideen mapatzea, boluntarioen mapatzea eta nahi gabeko bakardadearen egoeren mapatzea.

Lezoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin bultzatu eta Bitar-Baskek dinamizatu duen BIBErlazioak Lezo prozesuak bere lehen fasea itxiko du. Herritarrekin partaidetza-saioen ondoren, proiektuak abian jarriko ditu horietan garatu diren ekimenak eta proposamenak, zaintza eta harremanen tokiko ekosistema indartzeko.

Zehazki, hurrengo fasean, BIBErlazioak proiektua hiru lan-ildo nagusitan oinarrituko da:

  • Zaintzari buruzko jarduerak eta baliabideak mapatzea, herritarrei informazio hori emateko eta Lezoko zaintza eta harremanen sarea sustatzeko.
  • Nahi gabeko zaurgarritasun- eta bakardade-egoerak identifikatzea, detekzio- eta ekintza-tresnak garatzeko.
  • Boluntarioen sare bat eraikitzea lezoarrekin.

Urte hasieratik, ekimen honen helburua udalerrian pertsonei eusteko, nahi gabeko zaurgarritasun- eta bakardade-egoerak prebenitzeko eta gizarte-ehun hurbilagoa, arretatsuagoa eta kohesionatuagoa indartzeko gai izango den sare komunitario bat eraikitzea izan da.

BIBErlazioak ideia nagusi batetik abiatzen da: zaintzak ez dira soilik zerbitzu formaletatik sostengatzen, eguneroko harremanetatik, elkarrekiko laguntzetatik eta komunitateak antolatzeko eta eguneroko bizitzako premiei kolektiboki erantzuteko duen gaitasunetik ere elikatzen eta indartzen dira. Zentzu horretan, prozesuak Lezon laguntza-sareak ehuntzea bilatzen du, komunitatea hobeto elkar zaindu dadin eta pertsona guztientzako ingurune bizigarri, konektatu eta seguruagoak sor ditzan.

Prozesuak bi lan lerro landu ditu aldi berean. Alde batetik, herritarrekin, bakardadearen, zaintzaren, harremanen eta herriko parte-hartzearen inguruko beharrak, kezkak eta proposamenak identifikatzeko saioak. Bestetik, ekarpen horiek Zaintza Mahaian parte hartzen duten udalerriko hainbat arlo, erakunde eta eragileei aurkeztea, haien bideragarritasuna aztertzeko eta ekintza-ildo zehatz bihurtzen hasteko.

Lanketa horren bitartean, herritarren saioetan gehien errepikatu eta adostutako lehentasunezko hiru proposamen zehaztu dituzte Zaintza Mahaian.
Lehenengoa udalerriko jarduera eta baliabideen mapaketa da. Lezon dauden jarduera, zerbitzu, baliabide eta eragileei buruzko informazioa gune bakar batean biltzeko eta zentralizatzeko pentsatutako tresna. Helburua da herritarrei, erakundeei eta komunitate-sareei beraiei udalerrian dagoenera modu argi eta errazean iristeko aukera ematea, eskura dauden baliabideen erabilera eta parte-hartzea erraztuz.

Bigarren lan-ildoa nahi gabeko zaurgarritasun- eta bakardade-egoerak mapatzean datza, kalteberatasun-egoerak identifikatzeko, berme etiko eta pribatutasun-berme guztiekin. Helburua ez da erregistro inbaditzaileak egitea edo egoera pertsonalak azaltzea; baizik eta beharrak hautemateko, laguntzak bideratzeko eta informazioa, baliabideak eta akonpainamendua hurbiltzeko aukera emango duten tresnak eta mekanismoak sortzea, bakarrik, isolatuago edo ahultasun-egoera handiagoan dauden pertsonei laguntzeko.

Hirugarren lan-proposamena boluntarioen mapeoa da, eta udalerriko une, prozesu edo behar puntualetan laguntzeko prest dauden pertsonen sarea aktibatzea proposatzen du. Proposamen bereziki berritzailea da; izan ere, ez zaie soilik boluntario-egitura egonkorretan aritzen diren pertsonei zuzentzen, baizik eta modu jarraituan parte hartu gabe laguntza komunitarioko ekintza zehatzetan inplikatu daitezkeen herritarrei ere dei egiten die. Herritarren konpromisoa malgua izate horrek aukera berriak irekitzen ditu zaintzen oinarri soziala zabaltzeko.

BIBErlazioak prozesuari esker kezka kolektibotik erantzun zehatzak ondorioztatu ditu Lezoko Zaintza Mahaiak, udalerriaren errealitatean errotuak eta komunitatea erdigunean jarriko dituztenak. Lehen zikloa itxi egin da eta hemendik aurrera proiektua hiru lan-ildo pilotu horietan saiatuko da. Fase berri hori irailetik aurrera abiatuko du. Helburu nagusia tresna horiek probatu, funtzionamendua egokitu eta Lezon harreman komunitarioak sendotzeko eta zaintza hobetzeko duten gaitasuna baloratzea izango da.

BIBErlazioak Lezo prozesuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, biberlazioaklezo@gmail.com helbidera idatzi edo 621 15 66 04 telefonora dei dezake edozein herritarrek.