DANTZAZ elkarteak eta OARSOALDEAk lankidetza hitzarmena sinatu dute

Dantza esparruan ekintzaileei eta enplegu bila dabiltzanei zerbitzuak zabaltzeko.

DANTZAZ elkarteak bere egoitza du Gipuzkoako Dantzagunean, dantzaren alorrean dihardutenei laguntzea eta dantza-ekimenen sustapena babestea helburu duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzua da. Dantzagunea 2014. urtetik Errenteriako Niessen eraikinean kokatuta dago.

Dantzagunea osagarria da Errenteriako Lekuona Fabrikarentzat, Gipuzkoako arte eszenikoak sortzeko zentro berriarentzat; ekipamendu kultural horrekin, Errenteriako Udalak beste jauzi kualitatibo bat eman du herriko kultur ekosisteman.

DANTZAZek dantzaren esparruan enplegua eta ekintzailetza bultzatzeko ekintzak zabaldu nahi ditu, erakunde horretan garatzen diren eta eskualdeari eta Gipuzkoako ehunari balio erantsia ematen dieten proiektuak sendotzeko aukerarekin.

OARSOALDEA Garapen Agentziaren presidenteak, Miguel Angel Sanchezek adierazi duenez, pertsonei ekintzailetza-prozesuetan laguntzeko, enplegu egoera hobetzeko eta enpresei lehiakortasuna hobetzen laguntzeko garapen agentziak duen ibilbide luzea eta dituen hainbat zerbitzu eta baliabideak kontuan hartuta, DANTZAZ elkartearekin indarrak batzea erabaki da.

DANTZAZen laguntza jaso nahi duten ekintzaileak eta/edo proiektuak daudenean, OARSOALDEArekin modu koordinatuan laguntza eta prestakuntza eta orientazio-zerbitzuak eskainiko zaizkie. Horrez gain, DANTZAZ Bulegoan ekintzailetza-gune bat gaituko da, KABIDANZ izenekoa, kultura- eta sormen-ekintzailetza bultzatzeko, beti ere OARSOALDEAk duen HABIAN! ekintzailetza egitasmoarekin modu bateratuan. Horrela, DANTZAZeko proiektuak OARSOALDEAk dituen ekintzaile eta enpresa sarearekin harremanetan jarriko dira.

Era berean, DANTZAZ elkartea arte eszenikoetarako enplegu-zentro bihurtzeko elkarlanean arituko dira: aholkularitza, tresnen eta proiektuen garapena, bai Oarsoaldean, bai euroeskualdean, tresna eta eredu komunak planteatzeko. Sektore honetan trebatu eta lan egiteko interesa duten pertsonak DANTZAZ elkartera bideratuko dira eta gure eskualdean dantza eta arte eszenikoen sektorea bultzatzeko laguntza emango da.

Aizpea Otaegi, Errenteriako alkateak adierazi duenez, hitzarmen honek, kultura- eta sormen-sektorea bultzatzearen aldeko apustuarekin jarraitzeko aukera ematen du, gure eskualdean ekosistema hori osatzen duten eragileekin lankidetzan jarraituz. Aukera ezin hobea da ere ekintzailetza eta enplegu sustapenarekin jarraitzeko, ekintza koordinatu bat egituratuz. Horretarako, jarraipen –talde bat eratu da, erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osaturikoa eta hiru hilean behin jarraipen bilerak egingo dituzte.