'Ahalduntzea, euskalgintzatik eta feminismotik' hitzaldia ekainaren 2an Ahalduntze Eskolan

Og, 2026-05-28 13:41

Lezo Euskaragarri ekimenaren Ahalduntze Eskola martxan jarriko da ekainaren 2an, asteartean, 'Ahalduntzea, euskalgintzatik eta feminismotik' hitzaldiarekin.

Ahalduntze Eskolaren lehenengo saioa ekainaren 2an izango da, 18:30ean, Kultura Aretoan. Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, eta Lorea Agirre, Jakin Aldizkariko zuzendaria, ahalduntzeaz arituko dira euskalgintza eta feminismoaren ikuspegitik. 

Euskaraz bizi nahi dugun herritarrok antzeko egoerak bizi ditugu sarri: hizkuntza-ohiturak mantentzeko zailtasunak, deseroso sentiarazten dituzten egoerak, erdarara jotzeko inertziak, euskaraz aritzeko zilegitasun falta...

Horregatik, esperientziak partekatzeko, eguneroko zapalkuntzak identifikatzeko eta subjektu aktibo gisa jarduteko, funtsean, euskal hiztunen ahalduntzea lantzeko, espazio kolektiboa sortzea du helburu ekimen honek. Horri guztiari buruz hausnartzeko, elkarrekin ikasteko eta tresna praktikoak garatzeko espazio seguru eta parte-hartzailea. 

Beraz, bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Lezoko Udalak. Guztion parte hartzearekin, saio hauek Lezoko euskal hiztun komunitatea sendotzeko baliagarriak izango dira.

Ahalduntze eskolari buruzko informazio gehiago hemen aurki daiteke. 

Arloa edo saila