Aurten bost film-labur ikusiko dituzte euskaltegian nahiz nork bere etxean.
Azaroaren 20ra arte Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleek Ikuska festibalera aurkeztutako euskarazko 5 film-labur ikusiko dituzte euskaltegian nahiz nork bere etxean. Film horien artean gustukoena edo onena aukeratuko dute, eta beraz, aurtengo Mintzagun saria nori emango zaion erabakiko dute. “Regina”, “Animal lovers”, “Nire eguneroko maitea”, “Oaia” eta “Babarrun txapelketa” dira ikasleek ikusiko dituzten euskarazko film-laburren izenburuak.
Pasaiako Trintxer Kulturala elkarteak antolatutako IKUSKA Pasaiako Badiako nazioarteko film laburren erakustaldiak helburuen artean du euskarazko film laburren ekoizpena eta zabalkundea sustatzea. Kezka horretatik abiatuz, MINTZAGUN euskarazko film labur onenari SARIA ekimena jarri zuen abian 2013an, Oarsoaldeko Euskara Batzordearekin eta Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako Udalekin elkarlanean. Euskararentzako aukerak eta espazioak ugaritzeko helburua du ekimenak.
Aurtengo osasun egoera bereziak ez du uzten ohiko emanaldi jendetsuak egiten eta, beraz, beste bide batzuk bilatu behar izan dituzte antolatzaileek.
Euskarazko film labur onenaren Mintzagun sariak 600€ko diru-saria eta garaikurra izaten ditu. Trukean, film irabazlearen zuzendariak filmari buruzko saio bana egin behar izaten du otsailean eskualdeko euskaltegietan eta ikus-entzunezko arteari buruzko zertzeladak ere ematen dizkie ikasleei.
Aizpea Otaegik, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak aipatu duenez, euskaraz ekoitzitako lanek ibilbide luzeagoa egin dezaten eta hartara ekoizpen gehiago izan dadin sustatzea da ekimen honen helburua.