Ikuskaren Mintzagun Sariko film laburren doako emanaldiak

Al, 2023-11-13 14:56

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalek Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez euskara ikasten ari diren herritarrek euskara erabiltzeko dituzten aukerak eta espazioak handitzeko eta ugaritzeko helburuarekin Euskarazko film labur onenari eman ohi zaion Mintzagun Saria sortu zuten 2012an. Hala, Ikuska festibalera aurkezten diren film laburren artean, euskarazko onena aukeratzen dute urtero eskualdeko euskaltegietako ikasleek.

Ikasleek bozka eman ahal izateko, film emanaldiak egingo dira aurten ere; hilaren 20an, goizeko 10:00etan Errenteriako Niessen aretoan eta 22an, ordu berean, Trintxerpeko alkateordetzako aretoan.

Bestalde, Lezoko Institutuko ikasleei zuzenduriko emanaldi berezi bat egingo da hilaren 21an, 14:00etan, Lezoko Gezala aretoan, Lezoko Zinema Ttikiak eta Euskara Talaia elkarteen laguntzarekin.

Horiez gain, herritar orori irekitako emanaldi bana egingo dira hilaren 16an, 19:00etan, Lezoko Gezala aretoan, Lezoko Zinema Ttikia elkartearen laguntzaz eta hilaren 20an, 18:00etan, Oiartzungo Landetxe aretoan.

Euskaltegietako eta institutuko ikasleek euren botoen bidez hautatuko dute aurtengo Mintzagun sariaren irabazlea. Emitituko diren filmak honako hauek izango dira: “Muskil”, “Malkoak”, “Telebistako emakumea”, “Muga”, “Gogoan daukazu” eta “Loturak”.

Arloa edo saila