GAINTXURIZKETAKO AUZO BATZARRAREKIN BILDU DA UDAL GOBERNUA

Ar, 2024-07-02 15:59

Datorren astean beste bi bilera egingo dira, Altamirako eta Pisbe San Pedro zein Lopeneko bizilagunekin 

Mikel Arruti alkatea eta Udal Gobernuko ordezkariak Gaintxurizketa Auzo Batzarreko ordezkariekin bildu ziren aurreko astean, auzo ezberdineko ordezkariekin egiten ari diren bilera-errondaren egutegia jarraituz.

Gai-zerrendan, hiru puntu: urteko balantzea; auzorako asmoak partekatzea; eta, azkenik, auzoan dauden beharrak jasotzea. Bilera bukatuta, Udalak, besteak beste, auzoan dauden bi autobus geltokietan markesinak jartzeko eta Perreneko zein Elortegiko herri-bideak konpontzeko konpromisoa hartu du.  

Mikel Arruti alkateak auzoetan egiten diren bileran garrantzia azpimarratu du. “Auzotarren beharrak, kezkak edota proposamenak lehen eskutik ezagutzeko oso baliagarriak zaizkigu. Normalean, egunerokotasunean auzotarrek dituzten beharrei irtenbidea emateko baliagarriak zaizkigu; behar txikiak izaten dira, inbertsio handietatik aldentzen direnak, baina, bertakoentzat garrantzitsuak”.

Udal Gobernutik bilera-errondarekin jarraitzeko asmoa berretsi dute, eta, datorren astean beste bi bilera egingo ditu: uztailaren 9an, Altamirako bizilagunekin bertako auzo elkarteko egoitzan; eta, uztailaren 11n, Pisbe San Pedro eta Lopene bizilagunekin Jaizkibel Allerru elkartean. Bi bilerak arratsaldeko 18:30ean hasiko dira.