HERRI HEZITZAILEEN SAREKO KIDEA IZATEKO ERABAKI ONDOTIK, HEZKUNTZA-FOROA ERATZEKO PROZESUA AMAITU DU LEZOK

Or, 2024-06-21 13:35

Garatu beharreko hiru erronka nagusi ondorioztatu dira prozesu honetatik: Haur eta gazteen ongizate emozionala lantzea; aisialdi euskalduna eskaintzea; eta azkenik, harrera-plan komunitarioa eta parte hartzailea garatzea. 


Udal Gobernuko Legegintzaldi planean jasotzen den moduan, elkar zainduz Lezo eta elkar zaintzen Lezo eraikitzeko abian jarri diren eraldaketa prozesuak ugari izan dira azken hilabete hauetan: haur-parkeak eraldatzeko prozesua, zahartzaro aktiboa bultzatzeko BIBE proiektua, euskararen plan estrategikoa definitzeko Lezo Euskaragarri prozesua, eta Lezo herri hezitzaile bilakatzeko prozesua. Azken honi lotuta, hain zuzen, lehen urrats gisa, Lezoko hezkuntza-foroa eratzeko prozesua garatu da.

Oinherrirekin batera garatutako prozesu honetan zehar, lehenik eta behin, Lezoren erradiografia bat egin da eta herri hezitzaile baten oinarrizko balioekiko abiapuntua eta gaurko egoera zein den aztertu da. Bigarren saioan etorkizuneko erronkak definitu dira; eta hirugarrenenean, berriz, erronka horien artean lehentasunak finkatu eta hezkuntza-foroaren lehen bilera definitu dira. 

Horrela, garatu beharreko hiru erronka nagusi ondorioztatu dira prozesu honetatik: batetik, haur eta gazteen ongizate emozionala lantzea; bestetik, aisialdi euskalduna eskaintzea; eta azkenik, harrera-plan komunitarioa eta parte hartzailea garatzea. Erronka horiek garatzen hasteko ere hainbat ideia mahai gaineratu dira: digitalizazioak dakarrenaren inguruko hausnarketa egitea gazteekin, antzerki ariketen bidez gazteen harremanei buruzko gogoeta egitekoa, etorri berrientzat harrera-gida osatzea, Lezon hitz egiten diren hizkuntzen zerrenda egitea, aisialdiko begiraleen formazioa, aisialdi ekintzak koordinatzeko agenda bateratua, eta abar.

Prozesuaren lehen fase honi amaiera emateko, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren identifikatu dira. Horien artean, parte hartu duten eragile guztiek datorren ikasturtean, aipatutako erronkak lantzeko, hezkuntza-mahaia eratu eta urtean gutxienez hiru hitzordu jartzeko konpromisoa hartu dute.

Udalaren aldetik, eragile hauei esker ona adierazi nahi zaie prozesu honetan eta aurrerantzean lankidetzan jarduteko erakutsi duten prestasunarengatik eta borondatearengatik. 

Parte hartu duten eragileak: Oinherri, Haurtxo haur-eskola, Txirbila aisialdi elkartea, Ttakun kultur elkartea, Lezo Herri eskola, Pasaia Lezo Lizeoa, Lezo Institutua, Hezikuntza guraso taldea, Errota guraso taldea, kale hezitzaileak, Lezoko Udaleko gizarte zerbitzuetako ordezkariak eta zinegotziak.