Lezo Herri Eskolako ikasleen gurasoen elkarteak aitortza jaso zuen ostiralean EHIGEk eta Heizek antolatu zuen 'KomunitateAGO' jardunaldietan.
EHIGEk (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak) eta Heizek (Euskal Eskola Publikoen Zuzendaritza Elkarteen Federazioak) 'KomunitateAGO, euskal eskola publikoa elkarrekin eraikitzen' jardunaldia antolatu zuen otsailaren 7an Gasteizen. "Elkarrekin aurrez aurre hezkuntza-komunitatearen parte-hartzeak dituen zailtasunei eta indarguneei buruz hausnartzeko" jardunaldia izan zen antolatzaileen hitzetan.
Jardunaldian hitzaldiak eta elkarlanerako espazioak antolatu zituzten. Praktika onen inguruko tarteak ere izan ziren, eta Hezikuntza Lezo Herri Eskolako gurasoen elkartea izan zen adibideetako bat. Elkarteak egiten duen lanagatik eta duen lan egiteko moduagatik elkarte eredugarriaren aitortza jaso zuen, eta jendaurrean horiek azaldu zituzten jardunaldian.
Hezikuntzako kideek euren esperientzia, errealitatea, inguratzen duten komunitatea eta eragileekin duten harremana, lan egiteko modua eta beste hainbat ezaugarri azaldu zituzten.
Mikel Arruti Lezoko Alkatea eta Miren Ormazabal zinegotzia bertan izan ziren, babesa eman eta aitortzarekin bat egiteko.