Aralar Kaleko zuzkidura-etxebizitzak eraikitzeko prozesua abian da

Az, 2026-06-10 16:45

52 etxebizitza izango dira, txandakako alokairukoak eta gazteentzat zuzenduta. Gainera, eraikinak anbulategi berria kokatzeko espazioa izango du beheko solairuan.

Lezoko Udalak oso positiboki baloratu du Eusko Jaurlaritzak Aralar kaleko 52 etxebizitza publikoen eraikuntza martxan jarriko duela iragarri izana. Zehazki, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak jakinarazi duenez, ekainean zehar lizitazioa argitaratu, esleipena irailetik urrira bitartean egin eta lanak 2027 urte hasieran hastea aurreikusi du.

Lezoko Udalak Etxebizitza Plana 2025ean aurkeztu zuen. Planaren lehentasun estrategikoen artean kokatzen dira babes publikoko etxebizitza parkea handitzea edo Lezo Tentsio Handiko Bizitegi Eremu izendatzea, eta aurten jaso du Lezok tentsionatutako eremuaren izendapena. 

Udalak pozgarritzat jo du Eusko Jaurlaritzak proiektuaren garapena eta exekuzio-egutegiaren aurreikuspena ezagutzera ematea. Izan ere, udalak doan laga zion lursaila Eusko Jaurlaritzari, eta Etxebizitza Planaren lan-ildoetan berariaz jasotzen da Aralar kalean gazteen alokairura bideratutako 52 etxebizitza eraikitzeko proiektua. 

Sustapen berri honi esker, etxebizitza duina izateko aukerak zabaldu egiten dira. Bereziki gazteei emango die erantzuna, etxebizitza horiek eurentzat izango baitira nagusiki, alokairuan eskuratu ahal izango dituzte gehienez 5 urteko eperako. Emantzipazio-prozesuak erraztea eta gazteek Lezon bertan etxebizitza duina eskuratu eta bizi-proiektuak garatu ahal izatea du helburu.

Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi duenez “zuzkidura etxebizitzen eraikuntza abian dela jakitea pozgarria da, lezoar askok baliatu ahal izango duten aukera delako”. Hala ere, Lezoko Udalaren Etxebizitza Plana haratago doala azpimarratu du, “plana zabala da, proposamen integral bat, eta lezoarren etxebizitza eskubidea bermatzeko lan-ildo guztietan egin behar ditugu aurrerapenak. Planak jasotzen dituen hainbat ekintza bete ditugu dagoeneko eta beste batzuk egikaritzeko bidean gaude, baina etengabe eta modu arduratsuan jarraituko dugu baliabide publiko guztiak erabiliz, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”. 

Horrez gain, hasieratik aurreikusi zen beheko solairuan herriko anbulategia kokatzeko espazioa eraikitzea. 2025ean Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako azpiegiturak hobetzeko programa aurkeztu zuen eta bertan jaso zuen Lezoko osasun-zentroa lekualdatzea.

Horrenbestez, udalerriaren etxebizitza-beharrei erantzutzeko bidean aurrerapauso garrantzitsua da eta, gainera, herriaren beste behar garrantzitsu bati ere irtenbidea jarriko dio proiektu honen eraikuntzak. Udalak azpimarratu du erakundeen arteko lankidetzaren emaitza dela, eta lezoarren beharrei erantzuteko elkarlana bermatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.