Gaintxurizketako pasabidea amaituta

Or, 2025-07-04 12:16

Amaitu dira GI-636 errepidea gurutzatzeko behin-behineko pasabidearen lanak. Hortaz gain, pasabideraino Perrene auzotik modu seguruan iristeko bidea egokitzeko lanak ere bukatu ditu Lezoko Udalak. Gaintxurizketako azken urteetako egoera aldatu eta bizilagunen eta bertan lan egiten duten oinezkoen segurtasuna eta bizi kalitatea hobetzea ahalbidetuko dituzten aurrerapausuak dira.

Gaintxurizketako bizilagunen eta bertako industriguneko langileen segurtasuna bermatzeko beharra urgentea zen eta Lezoko Udalaren lehentasunen artean kokatzen da arazoari behin betiko konponbidea ematea. Pasa den urrian onartu zen errepide honetako bide-segurtasuna hobetzeko ebazpena Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Xehetasunak zehazteko hainbat bilera egin eta proiektua osatu ostean, behin-betiko irtenbidea iritsi bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak behin-behineko oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko lanak hasi zituen duela aste batzuk.

Euskotreneko geltokiaren parean eraiki dute oinezkoentzako pasabidea eta dagoeneko erabilgarri dago. 14 metroko luzera eta 5,5 metroko altuera ditu GI-636 errepidea gainetik gurutzatu ahal izateko. 348.247,61 euroko inbertsioa izan du.

Gaintxurizketako pasabidea

Horrez gain, Errekalde Hotelaren eta Gure Txokoa etxebizitzaren sarreraren arteko tartean oinezkoentzako ibilbidea prestatu dute. Errepidean tarte horretan dagoen abiadura moteleko erreia kendu eta hormigoizko hesiekin babestuz, oinezkoentzako ibilbidea bihurtu dute.

Bestalde, Lezoko Udalak dagoeneko amaitu diu ibilbide horretatik Perrene auzora doan bidea. 117.500 euroko aurrekontua izan du.

Udalak oinezkoek bertan aurretik egindako bidea aztertu eta bideragarritasuna ziurtatu ostean, ibilbide bat egokitu du. Bide inguruko sastrakak kendu eta garbitu ditu, bai eta hondeaketa egin ere. Argi indarraren funtzionamendua egokitu eta argi-puntuak bai eta esku-banda instalatu ditu beharrezko eremuetan. Azkenik, lurrak egokitu eta gainean hormigoizko zolata jarri du.

Perrene

Perreneko ibilbidea

Horrela, Euskotreneko geltokitik errepidea gurutzatzeko pasabide segurua izango da, eta hortik Perrene auzora, zein 107 industrigunera, bizilagun eta langile guztientzat arriskurik gabeko bidea osatu da. Behin betiko egiturak osatu arte, pasabide honekin mugikortasun segurua lortuko da.

Orain arte egunero bizi zuten arriskuari behin betiko konponbidea emateko bidean bizilagunen aldarriak ezinbestekoak izan dira, egoeraren larritasuna salatu eta Lezoko Udalarekin elkarlanean aritu dira.