HASI DIRA JAIZKIBEL HIRIBIDEAREN ETA ALTAMIRA PARKEAREN ARTEKO BASOKO GARBIKETA LANAK

Or, 2025-04-04 14:46

Jaizkibel Hiribidea eta Altamirako parkearen artean dagoen baso-eremu publikoan, lehen etxola-gune bat zen eremuan, urtetako hondakin pilaketa handia zegoen. Bertako hondakinak bildu, eremua garbitu eta isurketa berriak ekiditeko hesia jarriko dute. 

Askotan, baratza, etxola-gune edota animaliak edukitzeko erabiltzen dira baso-eremu publikoak. Horiek erabiltzeari utzi eta bere horretan uzten direnean, gune horietan hondakin-pilaketak eta erabilera ezegokiak izaten dira.  

Horietako bat Jaizkibel hiribidea eta Altamirako parkearen artean dagoen lursaila da.  Arestian etxola-gune izandako eremu batean, urtez pilatutako hondakin eremu handia dago, eta bertan utzitako hainbat hondakin daude pilatuta: txapazko eraikin bat, bidoiak, poliester xaflak, arropa, koltxoiak…

Eremu hori garbitu eta berriro leku erabilgarri eta segurua bihurtzeko lanak hasi ditu Lezoko Udalak. Urzain Taldea ari da lan horiek egiten. Hiruzpalau asteko lana izango dela aurreikusten da, bertatik 2 tona hondakin ateratzeko aurreikuspena egin dute, lehen azterketa egin ostean. 

Aipatutako eremua utzita egon da urte luzez, baina ageria da lehendik zeudenaz gain, azken urteetan hondakin gehiago pilatzen joan direla. Hau da, erabilerarik ez izan arren, hondakin gehiago isuri dira bertan. Inguruko bizilagunentzat osasun arazo eta kezka-iturri bilakatu daiteke, izan ere, urez betetako deposito, bidoi eta beste hainbat hondakin, tigre-eltxoa bezalako intsektuen sorburu-foko bihur daiteke. 

Eremua garbitzeko hondakin solidoen bilketa eta eremuaren garbiketa orokorra egingo dute, hondakinak sailkatu, kudeatu eta ondoren, bildutakoaren txostena egiteko. Bestalde, isurketa berriak ekiditeko hesi bat jarriko dute.

Udalak herritarrak kontzientziatu nahi ditu horrelako guneak guztiontzat arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazteko. Elkar zaintzea ez da pertsonetara mugatzen, gure herria eta ingurumena zaintzea ere beharrezkoa da denon bizi kalitatea hobetu eta elkarlanean bizitoki erabilgarri, seguru eta gozagarriak sortzeko.