20.000 kilo organiko inguru konpostatu dira Lezon 2020 urtean

Udalak eskerrak ematen dizkie erabiltzaileei urte berezi zein konplexu honetan erakutsi duten ardura zein konpromisoagatik eta lezoar oro animatzen du auzo-konposta egitera.

Horrekin batera, 2020ko jardunaren emaitza nagusiak ikusgai jarri ditu udal webgunean.

Joan den abenduaren 15ean egindako jarraipen bisitak amaiera eman zion 2020 urteko egutegi eta jardunari.

Urte berezi zein konplexua izan da, baina, zailtasunak-zailtasun, hainbat ekintza burutu dira, garrantzitsuenak jarraipen bisitak izanik. Ohikoa den bezala, Lezoko gune guztietan gauzatu dira aipatu bisitak - Altamiran, Andreonen, Aralarren, Arretxenen eta Lopenen - eta, guztira, 8 egin dira: otsailean, apirilean, maiatzean, ekainean, uztailean, irailean (abuztuari dagokiona), urrian eta abenduan. Jarraipen bisiten helburua da herriko auzo-konpostaren egoera eta bilakaera konprobatzea.

Gauzak horrela, 2020an aurreko urtean baino 2 bisita gehiago egin dira eta maiztasunaren areagotze hori konpostaje prozesuan jasotako datuetan nabartu da, datu horiek bultzada nabarmena izan baitute; adibidez, nahasketen batez besteko eta gehieneko tenperaturetan.

Horrez gain, konposta guneen zaharberritze lanei ere jarraipena eman die Udalak eta 2020an, hain zuzen, Aralar eta Lopenekoaren txanda izan da. Horietan konpostagailu txiki zein zaharrak kendu dira eta handiago batzuengatik ordeztu dira. Horrela, erabiltzaile bakoitzak konpostagailu propioa izan ordez, aurrerantzean taldeka egingo dute lan, benetako auzo-konposta eginez. Era berean, konpostagailuen aldaketa guneak ondo garbitzeko eta egokitzeko aprobetxatu da.

Erabiltzaile kopuruari dagokionean, 2019arekin alderatuta, etxebizitza-erabiltzaile kopuruak jaitsiera txiki bat izan du, 67tik 65era, baina auzo-konpostaren bidez kudeatzen den materia organiko kopuruak nabarmena izaten jarraitzen du eta Lezoko 176 konposta-kideek 20.000 kilo organiko inguru konpostatu dituzte. Horri jarraiki,  Udalak erabiltzaileei urte osoan zehar erakutsitako arduragatik, materia organikoa birziklatzeagatik eta, noski, ingurumenarekiko duten konpromisoagatik eskerrak ematen dizkie.

Zoritxarrez, egungo osasun egoeraren eraginez bertan behera utzi behar izan da urteroko amaiera edota balorazio bilera, urteko datuak eta emaitzak erabiltzaileekin partekatzeko. Horregatik, balorazio txostena udaletxeko webgunean egongo da ikusgai, ondorengo estekan:

                                      https://www.lezo.eus/eu/hondakinak/konposta/auzokonposta.

2021eko jarraipen bisiten egutegia, konposta guneen martxa ona bermatzeko

2021ean, halaber, konpostagailuen erabilera ona bermatzea edota identifikatutako arazoei irtenbidea ematea da helburua eta horretarako, 2020ko bisiten maiztasunari helduta, 8 jarraipen egingo dira urtean zehar: otsailean, apirilean, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan, urrian eta abenduan.

Bisita horiek hileko azken asteazkenean burutuko dira, abuztukoa eta abendukoa izan ezik; edozein kasutan, egutegian ala ordutegian edozein aldaketa aldez aurretik jakinaraziko da.

Bisitak, orain arte bezala goizeko 9etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko da: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene. Jarraipen saioek 45 minutu inguru iraungo dute eta erabiltzaileentzat ez ezik, herritar ororentzat irekiak izango dira.

Informazio gehigarria jaso edota zalantzak argitzeko, hauek dira komunikazio bide zuzenak: auzokonpostalezo@gmail.com eta WhatsApp zenbakia 647 057 402.

Arloa edo saila