"Jaizkibel - Lezo historian zehar" ekitaldia antolatu dute

Erakusketa bat egongo da ikusgai maiatzaren 31tik aurrera. Ekainak 5, larunbatean, mendira txangoa egingo dute

Eguzki talde ekologistak, Lezoko Udalaren laguntzarekin, “Jaizkibel-Lezo historian zehar” izeneko ekitaldia antolatu du. Ekitaldi horren barruan, erakusketa bat antolatu dute, Donibane kaleko kultur aretoan ikusgai egongo dena maiatzaren 31tik ekainaren 4ra bitartean. Ordutegia ondorengoa izango da: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.  

Panelen bidez eta Jaizkibeli buruzko filmen eta argazkien proiekzioarekin batera, mendi honek denboran zehar inguruko biztanleentzat izan duen garrantzia erakutsi nahi dute. Babesa eman, ehizatu, arrantzatu, arbolak atera, nekazaritzarako, maniobra militarrak egiteko eta abarrerako erabili baitute. Era berean, herri eta inperio ezberdinek utzitako aztarnak ere ikus daitezke mendi honetan.

Horrez gain, mendira txangoa antolatu dute ekainaren 5, larunbatean. Irteera Gurutze Santuaren Plazatik izango da, goizeko 10:30etan eta Jaizkibel magaletik paseo erraz bat egingo dute. Familia eta interesa duten guztientzat zuzendutako jarduera bat da.

Arloa edo saila
Eranskinak
Triptikoa1.93 MB
Kartela1.79 MB