Lezo Institutuko ikasleek energia eta hondakinen gaia lantzen ari dira Eskolako Agenda 2030 proiektuan

Or, 2023-03-24 15:26

2021/2022 ikasturtean Lezo Institutuko ikasleek zelaiak eta larreak aztertu zituzten Lezoko Eskolako Agenda 2030 programaren baitan. Ondoren, 2022ko ekainean antolatutako udal foroan, egindako lanaren azalpenak eta hartutako konpromisoen berri eman zieten Ingurumeneko zinegotziari eta udal teknikariari eta, horrekin batera, hainbat eskaera ere luzatu zizkieten: belardien mozketa jarraia mugatzea intsektu-irla gehiago sortzeko, zuhaitzak dauden parkeetan mahaiak eta hamakak jartzea, txakurren jabeek bere maskotaren kakak jasotzeko neurriak ezartzea, herriko parke zein berdeguneetan hondakinak ez botatzeko neurriak hartzea, hiri-eremuan bertako zuhaitz eta landare espezie gehiago jartzea, etab.

Martxoan, udaletxean berriro elkartu dira. Oraingoan, ordea, udal-ordezkarien txanda izan da eta ekainean egindako eskaerei erantzuna eman die Leire Betetak, Lezoko Udaleko Ingurumen teknikariak:

-          Iazko udaran intsektu-irlak sortzeko mantenu bereziak egin zituen Udalak herriko hainbat belardietan eta nahiko harrera ona izan zuten herritarren aldetik. Mantenu metodologia horrekin jarraituko du Udalak eta aurten egingo den kontratu berrian irizpide hori jaso da.

-          Herriko parke eta belardietako zaintzarako kontratuaren berritze lanetan ari da Udala.

-          Altamiran mahaiak eta bestelako hiri-altzariak jartzeko kokapen bat pentsatua du Udalak eta ikasleek beste toki batzuetarako proposamenik izanez gero, Udalak kontuan hartuko du.

-          Txakurren kakak arazo handia dira herri guztietan, baita Lezon ere. Gizabide arazo bat da eta zaila da horri Udaletik bakarrik konponbidea ematea. Nork bere txakurraren gorotzak jaso behar dituela azpimarratu du Udalak.

-          Badaude hainbat eremu oso maiz hondakinez beteta agertzen direnak, eta behin eta berriz garbitu arren, beti zikinak daudenak. Agian kontzientzia gehiago landu beharko genuke hondakinak bere edukiontzietan uzteko eta Udalak kartel batzuk jarriz leku horietan, adibidez.

-          Kalean hondakinak botatzen dituzten pertsonen atzetik ibiltzea oso zaila da. Udaltzaingoak arau-hauste hau ikusiz gero, atentzioa deitu edo isuna jarri diezaioke, baina zaila da. Berriz ere gizalege-arazo baten aurrean aurkitzen gara.

-          Momentu honetan Lezoko herri-guneko zuhaitzen inbentarioa lantzen ari da Udala, eta hor ikusiko da zenbat zuhaitz dauden herrian, baita zein espezietakoak diren. Bertako zuhaitzak landatzeko orduan, oso ondo pentsatu behar da non landatuko diren, bai zuhaitzarentzako leku egoki bat izan dadin baita inguruko etxebizitzetan kalterik sor ez dezan.

Ikasturte honetan Energia eta Hondakinak

Aurtengoa 15. ikasturtea da Lezoko Eskolako Agenda 2030 programa garatzen dena. Honez gero, ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitate, kontsumo arduratsua, zarata, basoak, elikadura eta klima-aldaketa bezalako gaiak aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte.

Aurten, lanketa sakona egin dute Lezo Institutuan, maila eta ikasgela bakoitzeko ekoordezkariak izendatuz eta prestatuz. Irakasle koordinatzailearen laguntzarekin ikastetxeko barne-antolaketa zehaztu dute lehen hilabeteetan eta, orain, aipatutako gaien inguruko egungo egoeraren azterketa egingo dute. Hain zuzen ere, ikasturte honetan, ENERGIAREN ETA HONDAKINEN inguruan ari dira eta egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, 2023ko ekainaren hasieran berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ekoordezkariek.

Joxean Sanchez, Ingurumen zinegotziaren iritziz “Eskolako 2030 Agendaren bidez, Udalak eta ikastetxeek helburu bera dugu: ikasleek ohitura jasangarriak izan dezaten eta ingurumen-kontzientzia hartzea, eta, aldi berean, herritarren parte-hartzea sustatzea. Gobernu taldeak kontuan hartzen ditu gazteen ekarpenak programak eta aurrekontuak diseinatzerakoan”.

Arloa edo saila