Lezoko Baratze Parkea erabiltzaile berriak jasotzeko prest

Oraindik zabalik dago herri baratzeetan izena emateko epea eta interesdunek azaroaren 2a arte izango dute udal informazio bulegoan edo erregistro elektroniko bitartez eskaera aurkezteko.

Lezoko Udalak eta Kutxa Ekoguneak orain gutxi berritu dute lankidetza hitzarmena eta horrez gain, Udalak, hainbat hobekuntza lan egin ditu eremuan, espazioa egokitzeko asmoz.

Lezoko Udalak eta Kutxa Ekoguneak 2012an ekin zioten elkarren arteko lankidetzari eta horri esker, Lezoko Baratze Parkea sortu eta udalerria BPS Sareko kide izatera pasa zen.

BPSko kide gisa eta Udala eta Ekogunearen arteko lankidetzaren oinarriei jarraiki, Lezoko Baratze Parkean autokontsumorako baratzezaintza ekologikoa sustatzen da, erabiltzaileei baratzeak auzolanean kudeatzeko aukera eskainiz.

Bide horri helduta eta elkarren arteko lankidetzak azken 8 urteotan emandako emaitza onak ikusirik, Lezoko Udalak eta Kutxa Ekoguneak orain gutxi berritu dute lankidetza hitzarmena, egindako lanari jarraipena eman eta elkarrekin Lezon ingurumenarekiko errespetua eta jasangarritasunaren kultura sustatzen jarraitzeko asmoz. Izan ere, hitzarmenaren helburu nagusietakoa da baratzetako erabiltzaile eta haurrengan naturarekiko errespetua sustatzea eta giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza, elkarlana eta harremanak bultzatzea, Lezoko Baratze Parkea aisialdirako topagune aktibo bilakatuz.

Baratzeen esleipen berriak

Hitzarmenaren berrikuntzarekin batera, baina, Udalak Baratze Parkeko herri baratzeetan izena emateko epea zabaldu du, orain arteko erabilera lizentzia guztiak datorren abenduaren 31n bukatzen/eteten baitira. Horri jarraiki, interesdunek azaroaren 2a arte izango dute bertako baratzeetan izena emateko epea. Horretarako ezinbestekoa izango da Lezon erroldatuta egotea eta azken hiru urtetan herrian bertan bizitzea.

Izena emateko, halaber, interesdunek eskaera inprimakiak bete eta horiek Udal informazio bulegoan edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu beharko dituzte,. Eskaera inprimakia eta betebeharreko baldintzen edo aurkeztu beharreko dokumentazioaren informazio guztia udal webgunean (Jendaurrean atalean) dago eskuragarri.

Behin izen emate epea amaituta eta eskaera guztiak jasota, Udalak onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko du eta 10 eguneko epea zabalduko du erreklamazioak egiteko.

Epe hori pasata, onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda osatu eta 59 partzelak zozkatuko ditu Udalak.

Horri lotuta, gaur egun Baratze Parkeko erabiltzaileak direnek beren baratzarekin jarraitu nahi badute izena eman behar dute. Zozketan hautatuak badira, beren partzela erabiltzen jarraitzeko aukera emango zaie.

Hobekuntzak Baratze Parkean

Azken 8 urteotan hainbat hobekuntza egin ditu Udalak Baratze Parkean, aipatu espazioa erabiltzaileen beharretara egokitzeko asmoz. Ildo horretan, oraingoan, lanabesak eta erremintak jasotzeko txabolaren alboko gunea egokitu du. Aipatu gunean lokatz asko pilatzen zen eta hori ekidite aldera, zulodun lauzak jarri ditu, ura zulo horietatik iragaz dadin, eremua lokaztu gabe, baita txabolaren teilatuko euri ura  modu egokian jasotzeko ere. Horrez gain, erabiltzaileek beraien lanabesak garbitzeko gunea egokitu du harraskaren ondoan.   

Hobekuntza horien guztien helburua da Baratze Parkea erabiltzaileen beharretara egokitzea eta aipatu espazioa lanerako zein aisialdi aktiborako topagune atsegin eta erosoa izatea.

Arloa edo saila