Lezoko Udalak herriko hainbat gunetan zuhaitzak kentzeko eta berriak landatzeko lanak egin ditu, aurretik zeudenak ordezkatuz eta eremu batzuetan zuhaitz berriak landatuz.
Kendutako zuhaitzak batez ere lehorrak edo egoera txarrean zeudelako erretiratu ditu udalak. Hiru eremu nagusitan egin ditu aldaketak: Jaizkibel Hiribidean, Lopene Plazan, Karlos Saldise Plazan eta Larrun Kalean.
Alde batetik, Jaizkibel hiribidean, tren geltokira bidean zehazki, egoera txarrean zeuden zumar siberiarrak kendu ditu. Bestetik, Lopene auzoko sarreran, egoera txarrean zeuden aranondo japoniarrak erretiratu ditu. Azkenik, Karlos Saldise Plazan eta Larrun kalean, narriadura eta lehortze zantzuak zituzten urkiak eta ezki batzuk kendu ditu.
Hiru eremu horiez gain, beste kale batzuetan antzeko egoeran zeuden zuhaitzak zehatz batzuk ere erretiratu ditu.
Lezoko Udalak adierazi duenez, osasuntsu ez dauden zuhaitzak kendu eta berriengatik ordezkatzea ohiko jarduketa da eta nagusiki herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin egiten da. Kendutako zuhaitzak ordezkatzeko espeziea aukeratzeko garaian, landatuko den lekua hartzen da kontuan (besteak beste, etxebizitza edota eraikinetarako distantzia edota espaloian edo belardian jarriko den), izan ere helburua landatutako zuhaitzak mantenu behar gutxi izatea eta modu naturalean garatu ahal izatea da. Horretaz gain, herriko biodibertsitatean ekarpena egitea eta paisaia aberastea ere lehentasun izaten dira.
Dagoeneko erretiratutako zuhaitz guztiak ordezkatzeko lanak egiten ari dira, horretarako, ezkiak, astigarrak, gereziondoak eta ginkgoak landatzen ari da.
Bestalde, landaketa berriak ere egingo ditu udalak. Lexo Bertsolaria kalean gereziondo ilara bat jartzen ari da, eta kale bereko parkean baso-landareak landatu ditu, besteak beste: haritzak, elorriak, gurbitzak, gereziondoak, hurritzak, basaerramua eta sagarminak.
Ekintza hauekin Lezoko Udalak ingurumenaren kalitatea hobetu eta etorkizuneko belaunaldientzat herriko berdeguneak indartzen ditu. Ingurunea errespetatu eta landaredia zaintzearekin batera, Lezo zaintzeko konpromisoa du. Aldaketa horiek hiriguneko berdeguneen egoera hobetzeko eta zuhaitz osasuntsuagoak bermatzeko helburua dute eta, horretarako, zuhaitzen, landareen eta berdeguneen etengabeko jarraipena egiten du udaleko Ingurumen Sailak.