Interneterako sarbidea Lezoko ikasle guztiei bermatzeko Izarkomek abiarazitako proiektura atxiki da Lezoko Udala

Og, 2020-04-30 12:01

Ekimenaren helburua da Lezoko ikasle guztiei interneterako konexioa bermatzea, COVID-19ak sortutako egoera honen aurrean haurrek martxa akademikoarekin etxetik jarraitu eta ikasketarik gal ez dezaten.

Horretarako Lezoko Udalak Izarkom telekomunikazio kooperatibak ahalbidetutako SIM txartelak eskuratu ditu herriko 9 familien artean banatzeko.

Jada hilabete eta erdi inguru pasa da osasun larrialdi egoera indarrean jarri zenetik eta ondorioz, besteak beste, hezkuntza zentro oro itxi zenetik. Neurri hori dela eta, ehunka haurrek etxetik jarraitu behar izan dute martxa akademikoarekin eta horretarako, ezinbestekoa da, besteak beste, ordenagailua eta interneterako sarbidea izatea.

Etxe guztietan, ordea, ez da horrelako baliabide edota materialik eta ikasleak ez dira gai klaseekin jarraitzeko. Horren jakitun izanik, Izarkom telekomunikazio kooperatibak, interneterako sarbidea bermatzeko programa jarri du abian eta Lezoko Udala, beharra duten familia horiei eta bereziki ikasleei babesa eta erantzuna eman ahal izateko, aipatu programara atxiki da.

Kooperatiba horren bitartez, Udalak hilean 17gb erabiltzeko SIM txartelak  eskuratu ditu eta guztiz doan eman dizkie interneterako sarbide beharra duten familia horiei, Lezon 9 familia, hurrenez-hurren. Erabiltzaileek txartel horiek euren mugikorretan sartu eta bertatik datuak ordenagailu edota bestelako ekipoetara partekatuz, beraz, bermatua izango dute aurrerantzean interneterako sarbidea.

Aipatu behar da, Udalak Izarkomen bitartez ikasleei Interneterako konexioa eskaintzeaz haratago, Lezoko hezkuntza zentroek klaseekin jarraitzeko beharrezko materiala banatu dutela familien artean, horretarako, besteak beste ikastetxeetako ordenagailuak beharra duten familien eskura utziaz.

Guztien elkarlanari esker, beraz, Lezoko haur guztiek martxa akademikoarekin etxetik jarraitu ahal izango dute, inolako ikasketarik galdu gabe, eta egoera luzerako doala ikusita, aipatu zerbitzua ikasturte amaiera bitartean bermatuko zaiela adierazi dute Udaletik. Behin larrialdi egoera amaitutakoan, Izarkomek automatikoki SIM txartel guztiak bajan emango ditu.