Adineko pertsonek ariketa fisikoa aire zabalean egiteko bi parke berri herrian

Og, 2018-07-26 13:15

MuittuLezo estrategiaren baitan, eta herritarren artean ohitura osasungarriak eta aktiboagoak sustatzeko helburuarekin, ariketa fisikoa egiteko bi parke osasungarri sortu ditu Udalak, bata Andreonen eta bestea Euskal Herria plazan. Parkeetan ariketa fisikoa egiteko makina ezberdinak jarri dira eta bereziki adineko pertsonei zuzenduak daude, baina edonork erabil ditzake

MuittuLezo estratategiaren baitan, urrats berria egin du Udalak eta bi parke osasungarri berri ezarri dira herrian, bereziki, adineko pertsonek kalean kirola egiteko aukera izan dezaten.

Aipatu estrategiak herritarren artean bizitza aktiboa eta osasuntsua sustatzea du helburu eta azken urteotan hainbat egitasmo abiarazi ditu Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean, pertsonen ongizatea hobetzeko eta adineko pertsonen artean zahartze aktiboa sustatzeko asmoz.

MuittuLezoren barruan jada martxan dira hainbat ekimen, herritarren artean harrera oso ona izan dutenak; Tipi-topa egitasmoa edo Kirol Orientazio Zerbitzua, esaterako.

Bestalde, Tipi-Topa egitasmoari lotuta “ibilbide osasuntsuak” ere sortu ditu Udalak. Horiek, herrian zehar adineko pertsonek edota ibiltzeko zailtasunak dituzten herritarrek egiteko moduko ibilbideak dira, erabat irisgarriak eta atseginak, eta hain justu ibilbide horien baitan kokatu dira parke osasungarri berriak.

Ariketa fisikoa egiteko makinak Andreonen eta Euskal Herria plazan

Herriko adineko pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko asmoz, aire zabalean ariketa fisikoa egiteko aukera zabaldu nahi izan die Udalak adineko lezoarrei egokitutako bi parke berri horiekin.

Bai Andreonen eta baita Euskal Herria plazan ere, jarduera ezberdinak egiteko aukera eskaintzen duten makinak ezarri dira. Horien erabilera sustatzeko eta makinak ezagutzera emateko, Tipi-Topako ikasturte berriarekin batera, saio bereziak egingo dira eta horietan Kirol Orientazio Zerbitzuko teknikariak azalpenak emango dizkie ekimenean parte hartzen duten adineko pertsonei.

Edonola ere, bi parke osasungarrien inaugurazioa eta aipatu saio bereziak udazkenean egingo dira, baina jada herritarrek ezarri diren makina berriak erabil ditzakete.

Amaitzeko, Udaletik jakinarazi dute makinak adineko pertsonei zuzenduak badaude ere lezoar guztiek erabili ditzaketela.

Arloa edo saila