Indarkeriaren prebentzioari buruzko ate irekietako saioa

Or, 2017-03-24 11:37

Igande honetan, martxoaren 26an, emakume eta haurrei bideratutako defentsa pertsonaleko ate irekietako saioa izango da Bekoerrota kiroldegian. Ikastaroak indarkeriaren aurkako prebentzioan eta defentsa pertsonalean aditua den Oskar Iruretagoienak emango ditu.

Lezoko Udaleko kirol sailak indarkeriaren aurkako prebentzioari buruzko ate irekietako saioa antolatu du datorren iganderako, martxoaren 26rako. Lehen saioa emakumeei zuzendua dago eta 10:00etan hasiko da Bekoerrota kiroldegian. Bigarrena aldiz, haurrei bideratuta dago “Eskola jazarpenei ez” lelopean eta leku berean izango da 11:15ean.

Defentsa pertsonaleko ikastaro praktiko horiek doakoak izango dira eta indarkeriaren aurkako prebentzioan eta defentsa pertsonalean aditua den Oskar Iruretagoiena irakasleak emango ditu.

Ikastaro horien helburu nagusia da indarkeria eta eraso kasuak prebenitzea emakume eta haurrak ahaldunduko dituen saio praktiko batzuekin, oinarrizko ezagutzak izan ditzaten horrelako egoerei aurre hartu ahal izateko. “Pertsonak dira guretzat garrantzitsuena eta gure jomuga nagusia herriaren eta herritarren alde lan egitea da, beren interesen defentsan, guztien ongizatea bermatzeko, eta horretarako Udaletik beharrezkoak diren baliabideak jarri behar ditugu lezoarren esku beren ongizatea bermatzeko” adierazi du kirol saileko zinegotziak, Irlentz Ortegak.

Azkenik, Udaletik ate irekietako saio honetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak eta bereziki, emakume eta haurrak.

 

Arloa edo saila