Lezoko Udalak olana berri bat jarri du Koldobike Gezala pilotalekuan

Or, 2025-09-05 15:13

Lezoko Udalak olana berri bat jarri du udal pilotalekuan, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta erabiltzaileei espazio funtzionalagoa eskaintzeko.

Olana honek frontoiaren zati irekia estaltzen du, harmailen atzean. Zati hori ixtearen helburua harmailak eta pista euritik, haizetik eta sar daitekeen hautsa minimizatzetik babestea da.

Batez ere neguan eragin positiboa ekarriko du olanak. Izan ere bertan entrenatzen duten pilota taldeek nahiz pilotalekua erabiltzen duten herritarrek egoera hobean egin ahal izango dute. Estalia izan arren, haizea eta euria zakarra baziren, barruan ere nabari baitzen lurrean.

Azpiegituraren berritasun nagusia hiru zati independentetan diseinatua dagoela da, eta horri esker, espazioa partzialki edo osorik ireki edo itxi daiteke, beharrezkoa izanez gero. Sistema horrek frontoiaren erabileran moldakortasun handiagoa ematen du eta hainbat kirol modalitate eta ekitalditara egokitzea errazten du.

Olanak, gainera, abantaila nabarmenak ekarriko ditu eraginkortasunari eta iraunkortasunari dagokienez, muntatzeko eta desmuntatzeko denborak murriztuko baititu, eskura dauden baliabideak optimizatuz. Orain arte, olana instalatzeak kostu ekonomiko handia zuen, olana unean-unean alokatzen eta instalatzen baitzen. Era berean, aurrezpen ekonomikoa ekarriko du epe ertain eta luzera, pilotalekuaren mantentze-lanei lotutako kostuak gutxituko baitira.

Proiektua gauzatzeko 11.000 euroko inbertsioa egin du Lezoko Udalak.

Jarduera honekin, Udalak udal kirol instalazioak hobetzeko eta herritarrei eskaintza irmoagoa eta zainduagoa eskaintzeko konpromisoa berresten du.
 

Arloa edo saila