Nazioarteko Eskubaloi partidu garrantzitsua jokatuko da Lezon

Ar, 2017-12-26 13:43

Abenduaren 28an,ostegunean, arratsaldeko 20:00etan Maroko eta Euskal Selekzioaren arteko senior gizonezkoen nazioarteko eskubaloi partidua jokatu da Bekoerrota Kiroldegian. Sarrerak salgai daude, Lezoko Tiñelu, Gure Txoko eta Sotxo tabernetan, Errenteriako Ereintza elkartean eta Donibaneko kirol elkartean. Egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira.

Gaur goizean prentsaurreko bidez eman dute abenduaren 28an, ostegunean, Lezon jokatuko den nazioarteko eskubaloi partiduaren berri Jesus Mari Martiarena alkateak, Alex Elezgarai Munttarpeko entrenatzaile eta Euskal Federazioko zuzendaritza taldeko kideak, Munttaperko  zuzendaritza taldeko kide den Nagore Tolosak, selekzioko entrenatzaileak, Aitor Etxaburuk, eta Jose Manuel Ruiz de Cenzanok, Eskubaloiko Euskal Federazioko presidenteak.

Esan bezala, partidu garrantzitsua jokatuko da abenduaren 28an Lezoko Bekoerrota Kiroldegian. Izan ere, Maroko eta Euskal Selekzioaren arteko senior gizonezkoen nazioarteko eskubaloi partidua jokatuko baita arratsaldeko 20:00etan. Aurreko egunean, abenduaren 27an, partidu bera jokatu da Oñatin. Federaziotik eskerrak eman dizkiete eskubaloi talde guztiei, partidu horiek jokatzeko aukera eskaini izanagatik jokalariei.

Lezoko partidua ikusteko sarrerak Lezoko Tiñelu, Gure Txoko eta Sotxo tabernetan, Errenteriako Ereintza elkartean eta Donibaneko kirol elkartean eskuratu daitezke. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira kiroldegian bertan. 16 urte bitarteko haurrek 5 euro eta helduek 8 ordaindu beharko dituzte aipatu partidua ikusteko.

Gaurko prentsaurrekoaren ondoren, bertan, kiroldegian, entrenatzen izan dira Eskubaloiko Euskal Selekzioko jokalariak eta herritarrek entrenamendua ikusteko aukera izan dute. 

Abenduaren 28ko partiduan Maitane Etxeberriari omenaldia egingo zaio eta ondoren, lagunarteko afaria eskainiko zaie jokalariei guztiei.

Udaletik herritarrak eta inguruko herrietako biztanleak partidua ikustera gonbidatu dituzte, ikuskizun polita bezain berezia izango delako.

Maitane Etxeberria lezoarrari omenaldia:

Udalak, partidu berezi honen ospakizunaren harira, Espainiako Eskubaloi Selekzioan jokatzen duen Maitane Etxeberria lezoarrari omenaldia egingo dio bere ibilbide eta lorpenengatik.

Etxeberriak 2013an , 16 urte zituela, debutatu zuen Barakaldon eta egun, Bera Bera taldeko harrobian dago. Espainiako selekzioarekin ere hainbat partidu jokatu ditu 2015. urteaz geroztik eta aurten Alemaniako Mundialeko partidu guztiak jokatu ditu. Beraz, 20 urterekin, jada, Champions League-ean jokatu du, rekopa, kopa eta superkopa ere jokatu ditu eta 3 liga daramatza.

Gaztea den arren ibilbide  eta emaitza bikainak lortu ditu azken urteotan Etxeberriak eta hori dela eta Udalak omenaldi xume bezain berezia egin nahi izan dio eskubaloi partidu honen ospakizuna aprobetxatuz.

Arloa edo saila