Neska kirolariei omenaldia egingo zaie

Og, 2018-12-13 11:39

Larunbaterako Neska Kirolarien Eguna antolatu du Munttarpe Eskubaloi Klubak Lezoko Udalaren laguntzaz

Ekintzaren funtsa da Lezon dauden emakume kirolariei aitortza egitea aurrera jarrai dezaten, indarra emateko, eta aldi berean belaunaldi gazteei jakinaraztea, neskei batez ere, herrian badirela kirola oso maila altuan egiten duten emakumeak.

Ekitaldia hasteko Super Amara Bera Berak eta Liberbank Gijonek lagun arteko eskubaloi partida jokatuko dute Bekoerrota Kiroldegian 16:30etan, sarrerak 6 eurokoak izango dira (bazkideek eta gazteek 4 euro ordainduko dute eta 12 urtetik beherakoak doan sar daitezke). Ondoren giza-frogak hasiko dira Goiko Plazako probalekuan, Lezoko eta Oñatiko Aloña Mendiko gazteen desafioarekin arratsaldeko 18:30etan.

Neska Kirolariei egingo zaien omenaldia 20:30etan hasiko da  Lezo Herri Eskolako patioan: Allerruko (futbola), Munttarpeko (eskubaloia), Kurkubiko (saskibaloia) taldeetako kideei, Lierni Lekuona txirrindulariari eta Maddi Fernandez bodyboard kirolariari oroigarriak emango dizkiete. Murixka Dantza Taldeari ere aipamen berezia egingo diote.

Omenaldia bukatzerakoan herri afari bat egingo da. Tiketak 18 eurotan (Munttarpeko bazkideek 15 eurotan eta 14 urtetik beherako gazteek 12 eurotan) eros daitezke Bekoerrotan, Tiñelu elkartean, Sotxo tabernan eta Xera gastrotekan (Errenteria-Oreretan).

Egitaraua

Arloa edo saila