OARSOALDEKO KIROL ORIENTAZIO ZERBITZUEN KOORDINAZIO MAHAIA (OKOZ) OSATU DA, LEHENA ETA AITZINDARIA EAEN

Og, 2024-06-27 08:56

Oarsoaldeko udalek urteak daramatzate lanean herritarren artean jarduera fisikoa eta bizitza aktiboa sustatzen.

Udaletan aktibatu diren beste hainbat ekimenen artean, aipatu beharra dago kirol orientazio zerbitzuak (KOZ) martxan jarri izana. 2016. urtean jarri zen martxan eskualdeko lehen Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) eta egun hiru udalek badute jada zerbitzu propioa. Zerbitzu horiek udalerri bakoitzeko jarduera fisikoa sustatzeko estrategiapean antolatzen dira: MuittuLezo (Lezo), Oiartzun Abittu (Oiartzun) eta Pasaia Badia Aktiboa (Pasaia).

Kirol orientazio zerbitzuen helburua da, beraien orientatzaileen bidez, herritarren artean bizitza aktibo eta osasuntsua sustatzea; herritar sedentarioei laguntza eskainiz, haien bizitzan ohitura aktiboak txertatzeko; eta jada aktiboak diren herritarrei aholkularitza emanez, aktibotasun maila areagotzeko eta praktika anitz eta egokiagoak proposatzeko.

Zerbitzu horietan osasun-etxeetatik eta errehabilitazio zentroetatik, gizarte zerbitzuetatik eta ikastetxeetatik deribatutako pertsonak edo beren kabuz gerturatutakoak artatzen dira. Halaber, hainbat jarduera egiteko taldeak antolatzen dira, parte-hartze irekia dutenak; eta talde horietan, aktibotasunaz gain, harreman sareak ere lantzen dira.
Kirol Orientazio Zerbitzuen sendotze prozesu honetan beste mugarri garrantzitsu bat ezarri da; izan ere, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo kirol sailetako arduradun politikoen eskutik, udalerri horietako Kirol Orientazio Zerbitzuen koordinazio-mahaia eratu zen Oarsoaldean, Gipuzkoa eta EAE mailan osatu den lehen koordinazio-mahaia. Beste behin, eta herritarren onurari begira, norbere proiektu arrakastatsuetatik abiatuz, eskualdeko udalek duten elkarlanerako kultura eta jarrera eratzailearen adierazgarri dugu erabaki hori.

Oarsoaldeko Kirol Orientazio Zerbitzuen koordinazio-mahaiaren helburuak hauek dira: herrietako orientazio zerbitzuek elkar ezagutzea (informazioa trukatzea, herrietako zerbitzuak hobetze aldera), koordinazioa eta lankidetza, baliabideak partekatzea, eta eskualde mailako proposamenak egitea edo eskaerei erantzutea.

Lezoko Kirol Orientazio Zerbitzuaren aholkularitza jaso nahi dutenek zerbitzuaren arduradunarekin, Maddi, harremanetan jartzeko bide hauek erabili ditzakete: Telefonoa 674171681 / Posta elektronikoa: koz@lezo.eus.

Arloa edo saila