Gaur goizean aurkeztu du Lezoko Udalak 2025eko Santakrutzetako egitaraua. Mikel Arruti Lezoko alkatea, Jon Legorburu Kultura zinegotzia eta Eneritz Arruti Berdintasun zinegotzia izan dira Kultur Aretoan egin duten prentsaurrekoan.
Santakrutz jaiak iristear dira eta Lezon dagoeneko hasi dira prestaketak. Gaur goizean egitaraua aurkeztu dute, Jai Batzordeko kideek eta Lezoko Udalak ekitaldiz jositako programa prestatu dute.
Aurtengo Santakrutz jaiak irailaren 13an hasiko dira, betiko moduan, eta 21ean amaituko dira. Hala ere, asteburu honetan dagoeneko giroz beteta egongo da Lezo, izan ere Altamirako jaiak ospatuko dituzte eta olinpiadak zein Gazte Eguna ere asteburu honetan izango dira. Altamirako jaien eta Santakrutzetako festen egitaraua webgunean daude eskuragarri. Datozen eguneran iritsiko da egitarauaren eskuorria etxe guztietara.
Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi duenez, dozenaka jarduera izango dira herrian gaztetxo zein helduenentzat, “jai anitz, inklusibo eta aberasgarriak bizi ditzakegu eta hori Santakrutzak antolatzen ibiltzen diren herriko eragile eta norbanako guztiei esker izaten da. Urte osoan eta bereziki azken hilabetetan Jai Batzordean parte hartzen duten lezoarrei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Jon Legorburu Kultura zinegotziak zehaztu duen moduan, 70 ekitaldi baino gehiago biltzen ditu aurtengo egitarauak. Ohiko danborrada, herri bazkaria, kalejirak, haur eta gaztetxoenentzat jolasak, herri kirolak, musika, antzerkiak eta askoz gehiago izango dira jaien bitartean. Baina Lezoko Udalak Jai Batzordeak antolatutako ekintzetatik haratago ere aurrerapausuak eman nahi izan dituela azaldu du. “Udala eta ferianteak akordio batera iritsi gara herriko festak alaitzeaz gain, barrakek eragin positiboa eduki dezaten jaietako bizikidetzan”. Legorburuk azaldu duenez, akordio honekin, esaterako, egunero 17:00etatik 18:00etara bitartean ez da musikarik egongo atrakzioen gunean, autismoa edo entzumen-hipersentikortasuna duten pertsonek ere modu seguruan goza dezaten. Beste aldaketa bat izango da bertan entzungo den musikaren % 80 euskaraz izango dela. “Horregatik oso pozgarria da jaietan ere bizikidetza eta errespetua oinarri duten aurrerapausuak ematea”, nabarmendu du.
Erantzukizuna eta ardura jaien parte direla nabarmendu du Lezoko Udalak, Eneritz Arruti berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, “azken boladan gorrotoz betetako diskurtsoak gehiago eta ozenago entzuten ditugu, gizartean indarkeria sistemikoa betikotzen duen narratiba gero eta nabariagoa da. Horren aurrean, espazio seguruak eraiki eta mantentzea, erasorik gabeko guneak ahalbidetu eta edozein egoera deserosoren aurrean erantzuna ematea denon erantzukizuna da”. Lezoko Udalak festetan ere babes kolektiborako tresnak ahalbidetzeko konpromisoa du eta bide horretatik jarraituz aurten ere herriko mugimendu feministarekin elkarlanean sortutako protokoloa mantenduko dute. Indarkeria matxista kasuetan arreta eta salaketa telefonoa ahalbidetuko da (688 696 204). Irailaren 13 eta 14ko gauetan, bai eta 20 gauean egongo da erabilgarri, 24:00etatik 06:00etara bitartean.
Gainera, jaien aurretik etxe guztietara eraso matxisten aurkako irizpide batzuk jasotzen dituen protokoloa iritsiko da, prebentzioa, babesa, laguntza, elkartasuna eta erantzuna ditu irizpide, eta bertan agertuko dira beharrezko kontaktu eta informazio datuak.
Jaiak denontzat seguruak eta gozatzeko uneak izan daitezen aldarrikatu du Lezoko Udalak. Baina Mikel Arruti Lezoko alkateak, Lezotik kanpo ere egin du gogoeta: “ezin dugu ahaztu egun leku askotan ez dutela ospakizunerako ez alaitasunerako lekurik. Herriak ez du alde batera utzi nahi izan Palestinar herria jasaten ari den genozidioa. Irailaren 13an, 18:00tan, txupinazoaren aurretik manifestazioa egiteko deialdia egin dute Lezoko hainbat eragilek. Lezoko Udaletik irmoki salatzen dugu Israelgo Estatua Gazan egiten ari den genozidioa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Palestinar herriari. Beraz, lezoar guztiak manifestaziora joatera gonbidatzen ditugu”.
Denok gozatzeko, lezoartasunaren harrotasuna partekatzeko, nortasun kolektiboa indartzeko eta denon elkargunea izateko deialdia egin du, bukatzeko: “Elkar zaintzen duen herria izaten jarraitu nahi dugu, beraz, espazio libre eta seguruak bermatzea ezinbestekoa da, guztion ardura da gure jaiak eta kaleak pertsona ororentzat izatea.Inolako erasorik gabeko jaiak, euskaldunak, inklusiboak, jasangarriak eta seguruak nahi ditugu”.