Abenduaren 14tik 19ra bitartean, euskal liburu azoka egingo da kultur aretoan

Az, 2020-12-09 13:12

Iaz egin bezala, 20€ko erosketagatik 6€ko liburu-bonua eskuratu ahal izango da liburu azokan.

Aurten halaber, liburuez haratago, diskoak eta euskal liburu eta jolas didaktikoak eskaintzeko ahalegina egin da eta berritasun modura online ere egin ahal izango dira erosketak.

Iazko ekimenari helduta, abenduaren 14tik 19ra euskal liburu azoka egingo da berriro Lezon, Jai Batzordeak antolatuta. Aipatu azoka astebetez egongo da Kultura Aretoan eta helburu du bereziki euskal literatura sustatzea eta horrekin batera, euskarari, irakurmen-zaletasunari eta euskal kulturari bultzada ematea ere.

“Guztiek dakigu dagoeneko Covid-19ak gogor kolpatu dituela hainbat eta hainbat sektore, baita kulturarena ere, baina Lezotik, orain inoiz baino gehiago, kulturarekiko egiten dugun apustuari heldu eta iaz ekimen gisa martxan jarritakoa urtetik urtera errepikatuko den formatu bilakatu nahi izan dugu, hain zuzen, geurea den horri babestu eta indartzeko, gertuko ekonomia suspertzen laguntzeko eta krisialdi honek kolpatu dituen herritar eta eragileei laguntza eskaintzeko”, azaldu du Ion Pombar, kultur zinegotziak.

Bide horretan, aurten, azoka osatze eta indartze aldera, euskal literaturaz gain, musika eta euskarazko liburu zein jolas didaktikoak eskaintzeko ahalegina egin da eta horrez gain, tripontzia eta Lezoko elkarteetako produktuak ere egongo dira aukeran. Berritasun modura, halaber, erosketak online egiteko aukera ere zabaldu da, Hontza liburu-dendaren plataformaren bitartez: www.hontza.net. Internet bidez erositakoak Lezoko azokan bertan jaso beharko dira.

Azoka goizez eta arratsaldez egongo da irekita. Ordutegia honako hau izango da:

  • Goizez, 11:00 -13:00
  • Arratsaldez, 17:00 -19:00

Hilaren 19an, larunbata, goizez soilik egongo da zabalik. Era berean, azoka leku itxian egonik, aforo murriztua izango du eta gehienez lau pertsonek batera sartu ahal izango dute barrura. Gainerakoek kanpoan itxaron beharko dute eta barruan daudenak irteten diren heinean sartu ahal izango dute. 

Iaz bezala liburu-bonua eskura

Era berean, liburu bonuek iaz izandako arrakasta eta harrera ona ikusirik, aurten ere, liburu azokan 20€ko erosketagatik 6€ko deskontua edo liburu-bonua eskuratuko ahal izango da.

Anima zaitez eta zatoz liburu azokara, euskal kulturan bete betean murgiltzera!

Arloa edo saila