Ekintzez beteta dator aurtengo Udazken Kulturala

Az, 2017-10-04 13:50

40 jarduera baino gehiago antolatu dira datozen hilabeteetarako eta ia erdiak haurrei zuzendutako emanaldiak izango dira. Herritar guztien gozamenerako emanaldiak eskainiko dira, besteak beste, kontzertuak, antzerkiak, literatur solasaldiak edota ipuin-kontaketak.

Udalaren kulturaren aldeko apustu sendoaren baitan kokatu behar dugu, baita ere, aurtengo Udazken Kulturaleko egitarau zabala. Joan den urtetik ohitura den moduan, egitarauak Musika Eskolak, Kultur sailak eta Udal Liburutegiak antolatutako ekitaldi eta jarduera guztiak biltzen ditu kultur programazioari indarra eta entitate berezia emateko helburuarekin.

Gauzak horrela, datozen hilabeteak kultur ekintzez josiak datoz, guztira, 40 jarduera baino gehiago antolatu direlako. Aurten ere, haurrei zuzendutako jardueren kopurua esanguratsua da, ia erdiak etxeko txikienei eskainiak izango baitira. Helburua da haurren ohituretan kultur jarduera ikuskizunak txertatzea eta herriko haurrei kultur aukera berriak eskaintzea, txiki-txikitatik kulturaz gozatzen eta kultura kontsumitzen has daitezen.

Herritar guztien gozamenerako egitarau zabal bezain anitza antolatu da: ipuin kontaketa saioak, OrriBakaR literatur lehiaketa, antzerkiak, kontzertuak, literatur solasaldiak, Kantujirak, eta Musika Eskolako ikasleen kontzertuak, besteak beste.

Haur jarduerak:

Haurrentzako jardueren artean ditugu gaurtik hasita eta azarora arte asteazkenero arratsaldeko 18:15ean eskainiko diren ipuin kontaketak: Pello Añorgaren “Ispilutxo” gaur, Ixabel Agirresaroberen “Don don kikilimon” urriaren 11ean, Mikel Susperregiren “Marinazkane eta bere zirikuak” urriaren 18an, Maite Frankoren “Panpinak Aitorrentzat” azaroaren 8an, Amaia Puinen “Basoko ipuinak” azaroaren 15ean, Ines Bengoaren “Margo-ipuinak” azaroaren 22an eta amaitzeko, Lupe Lekuonaren “Matrioskak” ipuin kontaketa saioa azaroaren 29an.

Horrez gain, urriaren 6an, “Nahia eta Neo” haurrentzako emanaldiak estreinatuko du Gezala berria aldagelen eraikuntza lanak amaituta eta urriaren 20an Eriz Magoa izango da Gezalan arratsaldeko 17:30ean. Urriaren 21ean  bi haur zinema eskainiko dira, “Zikoinak” 16:30ean eta “Paperezko hegazkinak” 18:35ean. Azaroan berriz, 10ean “Inaugurazioa” txotxongilo antzerkia egongo da, 11ean “Printze txikia” haur zinema saioa eta 24an “Egunen batean” haur antzerkia. Abenduaren 2an, bi haur zinema saio eskainiko dira, “A zer nolako heroiak” 16:30ean eta “Kings of summer” 18:30ean. Amaitzeko, “Itoitz” ikuskizuna eskainiko da abenduaren 22an eta azken haur zinema saioa “Iparraldeko norman” abenduaren 23an izango da.

Azaroan ere, IV. OrriBakaR literatur lehiaketa ospatuko da. 6-15 urte bitarteko haurrek azaroaren 20tik 24ra bitartean aurkeztu beharko dituzte lanak eta sari ematea abenduaren 15ean izango da.

Beste hainbat jarduera publiko guztientzat:

Urriaren 8an, “Jainko basatia” antzerki obra eskainiko du Txalo Produkzioak eta urriaren 22an, Maddi Oihenart eta Sokahots Orkestraren kontzertua izango da Gezalan. Urriaren 25ean, Birgit Vanderbekeren “Muskuiluak afaltzeko” liburuari buruzko euskarazko literatur solasaldia ospatuko da eta azaroaren 5ean, “Jokoz kanpo” antzerkia eskainiko da Gezalan.

Jean Mixel Bedaxagarrek kontzertua emango du Lezon azaroaren 19an eta 21ean, gaztelerazko literatur solasaldia egingo da liburutegian John Banvilleren “El mar” liburuari buruz eta abenduaren 13an, berriz, Itxaso Martinen “Ni, Vera” liburuari buruzko literatur solasaldia egingo da euskaraz. Amaitzeko, abenduaren 17an, “Itzal Zaunka” kontzertu irudikatua eskainiko da Gezalan eta abenduaren 21ean “Agure zaharraren oparia” ipuin musikatua..

Kantujirak eta Musika Eskolako ikasleen emanaldiak:

Ohitura den moduan, hilabete bakoitzeko 3. asteburuan Kantujira saioak ospatuko dira. Urtea amaitu bitarte 3 Kantujira egingo dira: urriaren 21ean, azaroaren 18an eta abenduaren 16an. Azaroaren 18 eta 19an, Santa Zeziliako kontzertu eta kalejirak izango dira eta abenduaren 1ean, akordeoi audizioa egingo da Musika Eskolan.

Urteko azken egunekin batera helduko dira gabonetako ekintza eta  kontzertu bereziak Lezora. Urtero legez, Musika Eskolak kontzertu ezberdinak eskainiko ditu gabonetan, besteak beste, gabonetako kontzertua abenduaren 16an, gabonetako audizioa abenduaren 20an edota urte amaierako kopla zaharren kalejira abenduaren 31ean. Horretaz gain, gabonetan, “raketistak” erakusketa eskainiko da kultura aretoan, Santo Tomas egunaren ospakizuna egingo da Karlos Saldise plazan, san silbestre haur krosa egingo da eta gabonen bueltan, liburu eta diska azoka egingo da kultur aretoan. 


Antolatu diren jarduera guztiak sakontasunean ezagutzeko edota sarrerak erosteko  lezo.eus webgunera, APPra edota KulturKlik webgunera jo dezakete herritarrek.

 

Arloa edo saila