Gabonak herrian gozatzeko, plan ugari

Or, 2023-12-01 14:53

Guztira, 30 ekitaldi inguru antolatu dira, adin guztietara zuzenduak daudenak.

Hortaz, abenduaren 1etik urtarrilaren 5era dantza, musika eta zinemarekin gozatzeko aukera izango dute lezoarrek.

Abenduaren 17an Santomas eguna ospatuko da eta ez dira taloak, edariak eta azoka faltako Karlos Saldise plazan.

Abenduaren 15etik 22ra, Euskal Liburu & Disko Azoka egingo da Kultura Aretoan. Aurten ere “Literatur Bonoak” eskuragarri egongo dira. Hau da, Liburu Azokan 20 euroko erosketa egiteagatik, 6 euroko opari bonua eskuratuko dute bezeroek. Helburua, euskaraz idatzitako literatura eta pentsamendu argitalpenak sustatzea izango da.

Beste ekintza askoren artean: Mendi ibilaldia, literatur solasaldiak, Gabonetako kontzertuak, audizioak, antzerkia, elkartasun janari bilketa eta haur zinema izango dira.

Abenduaren 24 eta 25ean, Olentzero eta Mari Domingi izango dira protagonistak eta opariak ekarriko dituztenak.

Aurten ere, Lezoko lagunak diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots herrian izango dira “Ez gara jaitsiko!” emanaldiarekin. Emanaldia urtarrilaren 5ean izango da, Bekoerrota kiroldegian eta sarrerei buruzko informazioa datozen egunetan argitaratuko du udalak.

Arratsalde horretan ere, urtarrilaren 5ean, Errege Magoen kabalgatarekin gozatuko dute txikienek.

Egitarau osoa etxez-etxe banatu da eta udaleko webgunean, APP-an eta sare sozialetan kontsultatu daiteke.

Arloa edo saila
Eranskinak