Jai giroan murgilduko da Lezo bihar

Or, 2017-09-08 13:08

Haur, gazte eta helduen gozamenerako ekintza eta ekitaldi ugari izango dira irailaren 13tik 17ra bitartean ospatuko diren Santakrutz jaietan. Eraso sexistarik gabeko jai parekideen aldeko aldarria egin dute, beste behin, eta horretarako, kanpaina berezia prestatzeaz gain, herritar guztien laguntza ere eskatu dute eraso bat ikusi, entzun edota jasanez gero erantzuteko.

Udako oporren ostean, beste urte batez, Santakrutz jaiak helduko dira Lezora irailaren 13an. Gaur goizean, prentsaurrekoan aurkeztu dute aurtengo egitaraua, Jesus Maria Martiarena alkateak, Kultura saileko arduradun Xanti Valek, Berdintasun zinegotziak, Noemi Arberasek eta Berdintasun teknikariak, Ainhoa Irazuk.

Haur, gazte eta helduen gozamenerako ekintza eta ekitaldi ugari antolatu dira. Jai Batzordeak, ilusioz eta esfortzu handiz egin du lan egitaraua osatu eta antolatzeko, herritarrekin eta herritarrentzat lan eginez. Hori dela eta, eskerrik beroenak eman dizkiete egindako lanagatik.

Jaiak asteazkenean hasi eta igandean amaituko dira eta tartean, lagunartean eta familia giroan gozatzeko aukera izango da, guztien nahiak asebetetzeko ekintza eta ekitaldi ugari antolatu direlako. Bizikidetzaren eta errespetuaren aldeko aldarria ere egin dute udaletik, festak jai giroan eta bakean igarotzeko, eraso sexistarik gabeko jai parekideak izan daitezen.

Berdintasun teknikariak, Ainhoa Irazuk, azken Mendekoste jaietan gertatutako eraso sexistak ekarri ditu gogora eta esan du, “Lezon ez dugu indarkeria matxistarik onartzen eta eraso sexistarik gabeko jai parekideak nahi ditugu, gauez zein egunez lasai kalera irten eta jaiez, gizonezkoek bezalaxe, disfrutatzeko aukera izan dezagun, etxera bidean beldurrik izan gabe edota iraingarriak izan daitezkeen hitzik edota egoerarik jasan beharrik gabe”. Horrelako egoerak gerta ez daitezen, Udalak eraso sexisten aurkako kanpaina berezia prestatu du. Kartelak jarriko dira herriko adierazpen paneletan, pankarta bat jarriko da udaletxeko balkoian, 3 trafiko seinale jarriko dira herriko puntu ikusgarrietan “Lezok ez du eraso sexistarik onartzen” mezuarekin eta irailaren 15ean, ostiralean, Emagin elkarteko karpa, “Indarkeria gabeko gunea”, ezarriko da 18:00etatik 21:00etara Gurutze Santuaren plazan.

Gune honek indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoak eskainiko dizkie herritarrei eta besteak beste, informazioa jaso, iritzi eta bizipenak partekatu eta autodefentsa feminista aplikatzeko aholkularitza jasotzeko gunea izango da.

Amaitzeko, udalak beste behin eraso bat ikusi, entzun edo jasanez gero erantzuteko eta salatzeko eskatu die herritarrei.

Kultur saileko arduradunak, Xanti Valek, berriz, aurtengo egitarauari dagozkion berezitasun eta zehaztasunak azaldu ditu. Joan den urtean aurrekontu handiagoa izan zuten jada Santakrutz jaiek, eta aurten ere, diru partida handitu da. Jai batzordeak, aurten ere, oso kontutan izan ditu bai gazteak bai eta herriko haurrak ere eta hori dela eta protagonismo berezia dute egitarauan.

Urtero ospatu ohi diren ekintza eta ekitaldiak aurkitu ahal izango dituzte herritarrek aurtengo programan ere.  Urtero legez, alkate txikien pregoiarekin emango zaie hasiera jaiei eta ondorengo 5 jai egunetan, besteak beste, danborradaz, “arrantzaleen” eta “tartekoen” bazkariaz, buruhandi eta erraldoiez, zezen suzkoaz, baserri eguneko ohiko ekintza guztiez, kantujirez, dianez, inude eta artzainen desfileaz eta kontzertu ezberdinez gozatu ahal izango dute herritarrek.

Musika emanaldietan hazkunde ederra izan da aurtengoan. Katapulta Tour Gipuzkoa 2017 zirkuituko kontzertuak ere izango ditugu Lezon: Izerberg eta Trini Fox talde euskaldunak, adibidez. Lezoko gaztetxo hasi berrien taldeak “The Jaig” eta udako emanaldietan hainbat herritan ibilitakoak ere izango ditugu: Kultu Kultibo, Katez eta KO etiliko. Berbenetan ere Nafar talde ederra Gabezin eta salsa eta kubako doinu atseginak euskaraz ekarriko dituen Tik Tara taldea plazara hurbiltzen diren guztiak dantzan jartzeko. Horrezaz gain: Elektrotxufla eta DJ Pattor, txarangak…

Berrikuntzei dagokienean, herriko egun nagusian, Santakrutz egunean, bazkarien aurretik, “tartekoen” eta “arrantzaleen” topaketa egingo da Kale Nagusian trikitiaz animaturik. Era berean, berrikuntza gisa, baserritarren egunean, irailaren 15ean, Giza proba eta, Jauregialden, patata tortila lehiaketa egingo dira (izen emateak Sorgin tabernan) eta iluntzean, afari herrikoia. Bakoitzak bere afaria eraman beharko du eta Udalak sagardoa jarriko du. Baserritarren egunean Gurutze Santuaren plazan egin ohi den Bertso saioan laur izarrek parte hartuko dute: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.

Amaitzeko, kultur teknikariak gogorarazi du, azken urteetan bezala, jai egitaraua eta kultur programazio osoa Lezoko Udaleko APPan eskuragarri dutela herritarrek.

 

Arloa edo saila