Kilometro Lezoren edizio berriak 20 ekitaldi izango ditu aurten

Abuztuaren 13tik hasita irailaren 11ra arte, euskal musika, dantza eta antzerkia uztartuko ditu aurtengo agendak.

Uda sasoian bete betean sartuta gaudela, II. Kilometro Lezoko udako kultur agenda aurkeztu du Lezoko Udalak, Jesus Mari Martiarena alkatea eta Ion Pombar Kultura zinegotziaren eskutik.

Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen hitzetan: “iaz egin genuen bezala, udalak kulturarekiko duen apustu irmoa azaldu nahi du, bai urtean zehar bai udaran ere. Kultura, Lezoko herriari bizia ematen diola argi daukagu”.

“Koronabirusak eragindako kalte ugarien artean, kulturaren geldialdia eragin zuen. Sektoreari bultzada handia ematen saiatu gara azken urtean eta iazko ekitaldiek izandako arrakasta ikusi ostean, aurten ere, ildo beretik jarraitzea erabaki dugu” gaineratu du Ion Pombarrek, Kultura zinegotziak.

Hala, Kilometro Lezoren II.edizioa ospatuko da aurten herrian, abuztuaren 13tik hasi eta irailaren 11ra luzatuko dena. “Aurten, astebete gehiago iraungo du udako kultur egitarauak. Kultura indartzen eta suspertzen jarraitu nahi dugu eta aukera bikainak ikusi ditugunez, agenda astebete luzatzea erabaki dugu departamenduan” esan du Pombarrek.

Kilometro Lezok, euskal musika taldeak, antzerkia eta dantza emanaldiak uztartuko ditu 2021. urtean ere. Programaren barruan, Lezoko kultur talde eta emanaldiak txertatu dira herriko kultur eragileen presentzia bistaratze eta indartze asmoz.

Euskal kultura eta Lezoko sortzaileak ardatz berriro

Aurtengo agendan 20 emanaldi izango dira. Guztiak asteburuetan eskainiko dira, ostiral zein larunbatetan, hasierako ekitaldia 20:00etan izango da eta gaueko 23:00etan beste bat egongo da. “Aurten, Lezoko Udalak plan bikoitza eskainiko du, bat arratsaldean eta bestea gauean”, adierazi du Pombarrek. Azken asteburuan ordutegiak aldaketa bat izan du.

Aurtengo egitarauan, ahal den jende espektro zabalena harrapatzeko asmoz, izaera oso ezberdinetako musika, zirku eta dantza emanaldi ikusgarriak daude.

Horiek horrela, programazioa ondorengoa izango da:

Abuztuak 13: 20:00 Kontukantari “mendian ibiltari” antzerki/kantu familiarra –  23:00 Tonbola, Hika konpainiaren antzerkia.

Abuztuak 14: 20:00 Demode Quartet musika –  23:00 Hatxe musika

 

Abuztuak 20: 20:00 Só (Xanpatito) zirkoa malabarrekin –  23:00 Órbita (Zen del sur) dantza.

Abuztuak 21: 20:00 Ameba musika – 23:00 Niña Coyote & Chico Tornado musika

 

Abuztuak 27: 20:00 Por hacerte un favor (Trapu Zaharrak) antzerki taldea – 23:00 Los viajes de Bowa (La gata japonesa) zirkoa

Abuztuak 28: 20:00 Ilargi Arrizabalaga musika – 23:00 Anne Etchegoyen musika

 

Irailak 3: 20:00 Bidearen amaieran (Hortzmuga) antzerkia – 23:00 Laila Tafur (Monstruo)

Irailak 4: 20:00 Ordu txarrak, Gotzen, Jaig Musika taldeak – 23:00 Willis Drummond musika taldea

 

Irailak 10: 20:00 Antroan Intro (Orratxa dantza taldea) + 23:00 Eztanda + Amaiur Luluaga + Meeting Point dantza taldeak

Irailak 11: 19:00 GonaPK musika – 20:30 ETS musika

Ekitaldi guztiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira, aire librean. Doakoak izango dira, baina aforoa kontrolatzeko asmoz, gonbidapenak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideen bitartez: kultur bulegoan edota online, ahal den neurrian azken hau lehenetsiz.

Gonbidapenak bihartik aurrera, uztailak 23, jarriko dira eskuragarri. “Euskal Herriko puntu desberdinetako artistak izango ditugunez, artista ezagunak gainera, inguruko herrietako jendeak ere artista hauek zuzenean ikusteko interesa izango dutela uste dugu”, adierazi du Pombarrek.

Osasun eta segurtasun neurriak:

Kultura berpizteaz gain, aurtengo erronka antolatutako ekitaldi ororen segurtasuna bermatzea da.

Ildo horretan, protokolo zorrotz bat osatu du udalak, antolatzaile, artista parte-hartzaile eta ikusle ororen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Egungo araudiari jarraiki, hauek dira hartutako neurri nagusiak:

  • Ekitaldi bakoitzeko gehiengo aforoa 250 pertsonakoa izango da eta guztiak eserita egon beharko dute.
  • Gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira www.lezo.eus web orrian.
  • Aulkien arteko segurtasun distantzia bermatuko duen espazioa aukeratu da, Herri Eskolako patioa hain zuzen.
  • Sarreran bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira eskuak.
  • Barrura sartzeko ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea, baita ekitaldiak irauten duen bitartean ere.
Arloa edo saila
Eranskinak