Kultur lokala egokitzeko lanen esleipen prozesua martxan da

Or, 2017-11-24 11:22

Lokala eraberritzeko proiektua kultur taldeen beharrak eta eskaerak kontuan hartuta gauzatu da. Proiektuaren idazketa amaituta, Udalak, lanak esleitzeko prozesua abiarazi du obrekin urtarrilean hasi ahal izateko. 

Lezoko Udalak kultur lokal berria eraberritzeko lanen esleipen prozesua abiarazi du. Aurreikuspena da lanak abenduan esleitzea obrak urtarrilean has daitezen.

Jakina denez, Udalak ekipamendu kulturalerako lokal berri bat eskuratu zuen Kale Nagusian, udal liburutegiaren parean, arte eszenikoekin lotura duten herriko taldeek erabili eta goza dezaten. Lokal berriarekin Lezoko talde kulturalen behar eta eskakizunei erantzun nahi zaie, izan ere, herriko zenbait taldek urteak zeramatzaten euren jarduerarako lokal egokiagoa eskatuz.

Garatutako proiektuak kultur taldeen behar eta eskariak kontuan izan ditu. Horretarako, Udal ordezkariak kultur taldeetako ordezkariekin bisita egin zuten lokalera eta ondoren, bilera egin zuten beren beharrak eta iritziak ezagutu eta jasotzeko. Beraz, idatzi den proiektuak taldeen eskakizunak aintzakotzat hartu ditu.

Proiektu hau udal gobernuaren kulturaren eta kultur jardueren aldeko apustuaren baitan kokatzen da, udal gobernuaren aburuz ezinbestekoa baita tokiko kultura eta kultur jarduera sustatzea bertako nortasuna eta herriko taldeen lana babesteko eta sustatzeko, izan ere, talde horiek baitira herriari bizia ematen diotenak eta herritarrei beren ikuskizunak eskaintzen dizkietenak.

Beraz, obrak urtarrilean hastea aurreikusten da eta lanak amaitzean lokal berrira lekualdatu ahal izango dira kultur taldeak. Lokal berri honekin, kalea berpiztuko da eta Kale Nagusia herriko kultur gune bilakatuko da.


 

Arloa edo saila