Mendekosteetarako 25 ekitalditik gora antolatu ditu Lezoko Jai Batzordeak. Maiatzaren 22tik 24ra bitarte ospatuko dituzte lezoarrek Mendekoste festak.
Mendekosteen egitaraua Jai Batzordeak antolatu du Lezoko Udalaren laguntzarekin. Egitarau oparoa izango da, 25 ekintzatik gora prestatu dituzte herritar orok parte har dezan. Aitzol Saizar Viaña Lezoko Kultur zinegotziak Jai Batzordeko eragile eta taldeei eskerrak eman dizkie, hilabete luzez ondutako egitaraua da eta “euren lanari eta jarrerari esker ospa ditzakegu jaiak, jai herrikoiak herriarenak dira, eta argi ikus dezakegu Lezon lan bikaina egiten dutela eragileek egitaraua aurrera eramateko”.
Aurten ere ostiralean iritsiko dira Zabarre eta Maria Labaien Lezora, portutik lurreratu eta kalejiran iritsiko dira plazaraino. Pirata txikien pregoiarekin hasiko dira festak eta iganderaino “Lezo musikaz, kolorez, errespetuz eta alaitasunez” betetzeko gonbidapena egin die lezoarrei Jai Batzordeak.
Izan ere, Ainhoa Salaberria Garmendia kultur teknikariak azaldu duenez, adin guztietarako eta mota askotako ekintzak jaso dituzte 2026ko programan. Afari autogestionatu herrikoia ostiralean, Arkirun Klubeko finalak, buruhandi eta erraldoiak, kontzertuak, dantzak, kalejirak, ikuskizunak eta beste asko izango dira. “Aniztasunak aberasten ditu herriko festak eta gustu guztietarako hitzorduak izango dira”, azaldu du teknikariak.
Lezoko Jai Batzordeak, Udalak eta Mugimendu Feministak lanketa handia egiten du urte osoan Lezo parekideago baten alde, baina, bereziki herriko festak denontzat eta denon laguntzarekin antolatzen direla aldarrikatu dute. Horregatik, indarkeria matxistaren aurrean arreta edo salaketa egiteko telefonoa egongo da (688 696 204) ostiral eta larunbat gauetan 00:00-6:00 bitartean.
Programa datozen egunetan iritsiko da Lezoko etxeetara eta online ikusgarri dago jada Lezoko Udalaren webgunean eta aplikazioan.
Lezoarrak pirata trajeak prestatzen hasi eta festetan elkartasunez eta kolorez janztera gonbidatu ditu Saizarrek, “herritar oro, gazte, heldu, haur eta tarteko guztiak, denak pirataz janztera gonbidatzen ditugu Zabarre eta Maria Labaieni ongietorria egin eta festak gogotsu hasteko”.