"Parekidetasuna, etxeko indarkeria, amatasuna eta askatasunari buruz hitz egiten dut nire lanetan" Anne Etchegoyen Lezon izango da larunbatean

Bere lehen aldia izango da herrian.

  • Kaixo Anne, Lezon kantatzen duzun lehen aldia da? Gure herria ezagutzen al duzu?

Bai, nire lehen aldia izango da Lezon abesten. Eta bai, Lezo herria ezagutzen nuen baina ez gehiegi egia esan. 

  • Eta Kilometro Lezo jaialdia ezagutzen zenuen? Bertan parte hartzea asko eskertzen dizugu.

Ez jaialdia ez nuen ezagutzen. Orain bai sare sozialetan jarraitzen dudalako. Eta mila esker zuei gonbidapenagatik!

  • Frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz kantatzen duzu. Sekulako kontzertua biziko dute lezoarrek larunbatean ezta?

Bai, hori da!  Hizkuntzak nahastea maite dut baina euskarazko kantuak gehiago dira nire errepertorioan. Eta larunbat honetan bakarrik euskaraz eta gaztelaniaz abestuko dugu.

  • Kanta bat hiru hizkuntzatan sortu zenuen gainera...

Bai, kantuak NO ES NO/EZ DA EZ izena du. Kantua sortzean gure mezua mundu osoan zabaltzea zen, orduan, abestia hiru hizkuntzetan grabatu genuen helburua lortzeko. Eta horrexegatik grabatu genuen Itziar Ituñorekin. Mezuari dagokionez, indarkeria sexual eta matxisten aurkako abestia da.

  • Itziar Ituño aktoresarekin, Sonakay edo Alma Loca taldeekin kolaborazioak egin dituzue. Nolakoa izan da esperientzia?

Denak esperientzia bikainak izan dira! Biziki interesgarria da niretzat beste artistekin kolaboratzea, izan ere, artista bakoitzak bere unibertso musikala dauka, eta aipatzen dituzun hiru artistekin kolaboratzea esperientzia izugarria izan da!

  • Emakumeak eta parekidetasunarekin erlazioa duten gaiak lantzen dituzu. Nola laburtuko zenuke asteburu honetako emanaldia? Zer ikusiko dute lezoarrek?

Bai, abesti batzuetan parekidetasuna, berdintasuna, etxeko indarkeria eta indarkeria sexual eta matxistak salatzen ditugu, adibidez, “Ixilik” eta “No es no” abestietan. Horrez gain, amatasunaren eta askatasunaren inguruan ere hitz egiten dut, beraz, lezoarrek gau atsegin bat pasatzeko aukera izango dute nire abestien bitartez.

  • Pandemiak gogor jo dio kulturari. Zein da zure iritzia? Hala ere, uda honetan hainbat kontzertu emateko aukera izan duzu.

Biziki zaila zen, batez ere Frantzian, antzokiak, zinemak… dena itxita zelako. Bakarrik hegoaldean jo ahal genuen hilabete batzuetan. Musikaren sektorea ez dabil ondo eta ezin badugu jo, ez da posible gure lana ongi egitea.

Baina uste dut, mugak ikusi genituela kulturarik gabe bizitzeko garaian. Beraz, orain, alternatibak asmatu behar ditugu “musika industria” sistema garatzeko.

Ikusi nuen- pandemia garaian- ikus-entzunezkoen sektorea oso ondo funtzionatu zuela, Netflix adibidez…Eta musika behar da ere filmetan eta dokumentaletan…Behar bada pista bat da…

 

Arloa edo saila