Urtarrila-uztaila bitarteko kultur agenda aurkeztu du Lezoko Udalak

56 jarduera antolatu dira eta unean uneko osasun neurrietara egokituko dira.

“COVID-19ak eragindako pandemiaren seigarren olatu honek gogor jo du, Lezon, ere bai. Hala ere, kultura segurua dela argi daukagu eta ekitaldi berriak programatzen jarraituko du Lezoko Udalak, osasun eta segurtasun guztiak zainduz” adierazi du Jesus Mari Martiarenak, Lezoko Alkateak.

Aurkezpenean, Ion Pombar Kultura zinegotzia eta Xanti Val, Kultura teknikaria ere egon dira. Pombarren esanetan: “Urteko lehen 6 hilabete hauetarako Kultur agenda erakargarria prestatu dugu, ekitaldiz betea. Guztira 56 jarduera izango dira, urtarrilaren 9tik uztailaren 3ra bitartean ospatuko direnak eta publiko guztiei zuzenduak”.

Ekitaldiak Udal Musika Eskolan, Udal Liburutegian eta Gezala Auditoriumean izango dira eta segurtasun, aforo eta osasun neurri guztiak bermatuko dira.

Agendaren antolaketan Udal Musika Eskola, Udal Liburutegia,  Berdintasun saila eta Kultura sailak parte hartu dute. Horrez gain Lezoko Zinema Txikiak,  Etxetxo, Lezoko Emakume taldea eta Lezo Jaizkibel Mendi Lasterketa Taldeak ere lagundu dute.

Azken urteetan bezala Lezoko Udalak kulturaren aldeko “apustu sendo eta iraunkorra” egin nahi du. Izan ere, lezoarren erdigunean kokatu nahi da kultura eta honen adierazpen aniztasuna.

Egitarauaren barruan hainbat izaerako ekitaldiak daude: musika, antzerkia, dantza emanaldiak eta dantza sorkuntza prozesuen aurkezpenak, Zeta-Zeta saioekin, haur eta helduentzako zinema, literatur solasaldiak… eta bukatzeko: Orratx antzerkiaren "Ay, Karmela" obra berriren bi emanaldiak uztailean.

Pandemiaren hasieratik egin den bezala, unean uneko osasun neurrietara egokituko dira ekitaldi guztiak.

Agenda herrian zehar banatu egin da eta Lezoko Udaleko webgunean eskuragarri dago. Sarrerak udaleko webgunean erosteko aukera izango dute herritarrek.

Arloa edo saila
Eranskinak