LEZOKO ALKATEAK RENFEKO ZERBITZUAK HOBETZEKO ESKATU DIO OSCAR PUENTE MINISTROARI

Or, 2024-05-24 19:37

Garraio eta Mugikortasun Ministeriora bidalitako gutunean, Irun-Brinkola ibilbideko aldiriko eta distantzia ertaineko zerbitzuak hobetzea premiazkoa dela azaldu dio.

Mikel Arruti, Lezoko alkateak, Irun-Brinkola ibilbidea zeharkatzen dituen herrietako beste EH-Bilduko alkate batzuekin batera prentsaurrekoa eman zuten, eta bertan aldiriko eta distantzia ertaineko zerbitzu honen milaka erabiltzaile pairatzen ari ziren egoeraren larritasuna salatu zuten. Izan ere, udal bakoitzak Ministeriora protesta gutuna bidaltzeko konpromisoa hartu zuten, batetik, ibilbide honetan egindako inbertsio ezak salatzeko eta, bestetik, Irun-Brinkola aldiriko zein distantzia ertaineko zerbitzuen maiztasunak eta ordutegiak hobetzea eskatzeko.

Joan den maiatzaren 24ko data duen gutunean, Lezoko alkate den Mikel Arrutik milaka gipuzkoarrentzat funtsezkoa den azpiegitura honen garrantzia azpimarratzen du, eta azken bi hamarkadetan bertan behera utzi eta inbertsiorik egin ez izana salatzen du.

Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroari zuzendutako gutunean, Lezoko alkateak agerian utzi du egoeraren larritasuna, hala nola, Astigarraga eta Irun arteko hirugarren erreiaren obrek edo Gaintxurizketako tunelaren galiboaren handitzeak eragindakoak, non 9 km-ko trenbide bakarra ezarri den eta Lezo-Errenteria eta Irun artean 42 tren murriztu diren. Bere esanetan, Gipuzkoako aldiriko zerbitzuek 40 tren zituzten noranzko bakoitzean 2017ko urtarrilean, eta 22 inguru aurtengo apirilaren 29an. Ibilbide horretan dabiltzan konboien kopurua asko murrizteaz gain, Mikel Arruti kezkatuta azaldu da zerbitzuak okerrera egin duelako, bidaia-denborak gero eta handiagoak direlako eta puntualtasuna gero eta txikiagoa delako.

Lezoko alkateak, amaitzeko, Oscar Puente ministroari gogorarazi dio joan den urtarrilaren 25ean udalbatzak mozio bat onartu zuela, eta bertan, ardura zuten erakundeei zerbitzuaren gainbehera gelditzeko beharrezko neurriak hartu zitzatela, eta Renfek bermatu zitzala Irun-Brinkola aldirietako eta distantzia ertaineko ibilbideak behar dituzten maiztasunak eta ordutegiak.

Arloa edo saila