Lezoko Herri Eskolan sortu den “Harmonia Gunea” inauguratu da

Og, 2021-11-04 15:39

Haurrentzat zuzendua eta itsasoan oinarritua dagoen gune magikoa da.
Aurkezpenean Lezo Herri Eskolako zuzendaria, Lezoko alkatea eta Hezkuntza Sailburua egon dira.

Lezoko Herri Eskolak, Lezoko Udalaren babesarekin, “Harmonia gunea” sortu egin du. Euskal Herria mailan eraikitzen den lehendabizikoa da eta konfinamenduan sortutako ideia polita egia bihurtua.

Haurrentzat zuzendua eta itsasoan oinarritutako paraje eder hau gaur goizean aurkeztu da.

Bertan, Olatz Aldabe, Herri Eskolako zuzendariak, proiektua aurkeztu du: “Lezoko Herri Eskolan amets asko ditugu eta hauek errealitate bihurtzen ari gara pixkanaka. Harmonia Gunearen istorioa duela hilabete asko sortu zen. Soto zahar eta ilun bat zen eta berrikuntza bat egin nahi genuen. Margolari eta artistekin elkartu eta proiektu hau sortzea bururatu zitzaigun herriko eragileekin hitz egin ondoren. Beraien beharrak identifikatu eta eremu honentzat erabilera desberdinak definitu genituen. Eskola komunitatearen izugarrizko lankidetza topatu dugu bidean. Emaitzarekin oso gustura gaude eta Lezoko Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu bere laguntzagatik” amaitu du Aldabek.

Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen esanetan: “gaurko eguna oso berezia da guretzat. Proiektu ederra osatu dute eta hau ikustera, ezagutzera bertaratu zareten guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu”.

Harmonia gunea “XYZ diseño integraleko” Iker Linazasoro eta Xanti Solano artistek sortu dute. Ikerren ustez “behin eta berriz eskerrak eman nahi dizkiogu Herri Eskola eta udalari gugan jarri duten konfiantzagatik. Lezo, espresio artistikoari ematen dieten bultzada txalotu behar dugu. Lujo bat izan da proiektu hau sortu eta aurrera eramatea. Haurrak bezero zintzoenak direla argi dago, haien iritziak oso aberasgarriak dira guretzat. Haurrek gozatzeko eremu bat sortzea oso pozgarria izan da”.

Ekitaldia amaitzeko, Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak, hartu du hitza: “Hezkuntza munduan eta ikastetxe batean ilusioa eta pasioa badago, gurasoentzat oso aberasgarria da hori. Pandemia garaia oso gogorra izan da hezkuntzarentzat. Laster pandemia alde batera utzi eta “Harmonia Gunea” bezalako proiektuez gehiago hitz egitea eta gozatzeko aukera izatea espero dut. Auzolana txalotu behar da, guztien artean aurrera eraman duzue proiektua”. Amaitzeko, irakasle, andereño eta maisuen figurek egiten duten lana eskertu du sailburuak.

Udaleko zinegotzi, udal taldeetako kideak eta herriko eragileak ere bertaratu dira. Hezikuntza guraso elkarteko Lurdes Castillo ere bertan izan dugu.

Lezoko Herri Eskolak erabilera desberdinak emango dizkio eremu honi.