Lezoko taxi zerbitzua hobetu da

Or, 2022-06-10 12:48

Helburua eguneko 24 orduetan zerbitzua ematea da, horretarako,  943391414 telefono zenbakia jarri dute eskuragarri.

Lezoko taxi zerbitzua hobetu egingo da gaurtik aurrera. Orain arte, erretiroengatik eta beste arrazoi batzuengatik, herrian zeuden 5 taxi lizentzietatik 2 bakarrik zeuden martxan. Eta ez ziren nahikoak zerbitzu egoki bat emateko.

Lezoko Udalak eta taxilariek argi zuten konponbideak bilatu behar zirela eta aste luzez ibili dira egoera aztertzen. Bilera askoren ondoren, Pasaiako eta Lezoko taxilarien arteko lankidetza akordioa lortu da, Oarsoaldeko gune hauei zerbitzu hobeagoa eskaintzeko asmoz.

Hala, “Radio Taxi Jaizkibel Lezo Pasaiak” zerbitzua eskainiko du eguneko 24 orduetan. Antton Irazoki taxilariaren esanetan: “orain arte ez genuen telefono zenbaki bateraturik eta lezoarrek ez zekiten nora deitu edo zer egin taxia behar zutenean. Eskualdeko taxilarien, udaletxeen eta Oarsoaldearen laguntzari esker, 943391414 telefono-zenbakia ezarri dugu egoera hobetzeko asmoz. Zerbitzua gaurtik aurrera jarri da martxan, Lezon hasiko diren Euskal Jaiekin bat eginez. Horrela, bezeroak zenbaki horretara deitzen duenean, une horretan Lezo eta Pasaia artean hurbilen dagoen taxia esleituko zaio. Taxi gehiago izanda, zerbitzu hobea eta azkarragoa eman dezakegu”, amaitu du Irazokik.