Lezoko Udalak bat egingo du 'Planetaren Ordua' ekimenarekin. Hala, larunbatean (martxoak 22) 20:30tik 21:30ra Udaletxeko eta San Juan Bataiatzailearen elizako argiteria itzaliko du.
'Planetaren Ordua' Naturarentzako Mundu Funtsak (WWF) mundu mailan antolatutako ekimena da. Klima aldaketaren ondorioei buruz sentsibilizatzea du helburu eta herritarrak, erakundeak, enpresak eta udalak biodibertsitatearen galeraren aurka mobilizatzeko kanpaina da.
Modu boluntarioan egiten den itzalaldi elektrikoa da, 2007an hasi zen eta geroztik, milaka herri, erakunde, norbanako eta enpresa gehitu dira kanpainara. Horretarako, martxoaren azken larunbatean, ordubetez, argiak itzaltzera dei egiten ditu horiek guztiak.
Lezoko Udalak bat egin du aurten ere ekimenarekin, hortaz, larunbatean, martxoaren 22an, 20:30etik 21:30era bitarte, udaletxeko eta San Juan Bataiatzailearen elizaren argiteriak itzaliko ditu. Keinu txiki batekin herritarrengan eragina izateko asmoa du.