Lezoko udalekuak hasi dira

Or, 2022-07-01 12:40

Uztailaren 29ra arte iraungo dute.

Pandemiaren eragin negatiboak alde batera utzita, normaltasunez eta gogoz beterik hasi dituzte udalekuak Lezoko txikienek. 200 haur inguru izena eman dute aurten.

Gaur goizean Herri Eskolako patioan elkartu eta argazkiak atera dituzte lehendabiziko jarduerak hasi aurretik. Eguraldi bikainarekin gainera.

Bi zerbitzu eskaintzen dira aurten:

Haurtzaindegi zerbitzua: Lanean ari diren gurasoentzat zuzendutako zerbitzua da, 08:30etik 09:30era.

Udaleku irekia (3-12 urte bitartekoentzat): Herriko haurrek giro atsegin batean jolasak, dantza, kantak, antzerkia eta beste hainbat ekintza egingo dituzte, Lezoko ohiturak eta ingurunea ezagutzen dituzten bitartean, 09:30etik 13:30era.

Jardueraz betetako hilabete honetan, bi ekintza berezi antolatu dira:

  • Uztailaren 6an Txupinazoa
  • Uztailaren 29an Jaialdia.

Aurten ere informazioa eta argazkiak partekatuko dituzte blog batean: https://hezkide.wixsite.com/udanjostatzera. Lezoko Udalaren sareetan ere informazioa, irudiak eta bideoak partekatuko dira.

Euskara oinarrian duten udalekuak dira, naturarekin kontaktu estuan, aire zabalean eta talde txikitan partaideen arteko harremana indartzeko helburua daukatenak.