Munttarren 6.alea kalean, diseinu berriarekin

Or, 2016-12-16 10:54

Herritarrentzat erakargarriagoa eta irakurterrazagoa izan dadin, aldizkariaren diseinu eta egitura berritu dira. Gaur helduko da etxeetara eta aurrerantzean, hiru hilean behin argitaratuko da. Herriko informazio esanguratsuena laburbiltzen du ale berriak eta edukia 3 atal nagusitan dago antolatua: lezo egunez-egun, lezo gertutik eta lezoarren iritzia.

Gaur banatuko da Munttar udal aldizkariaren ale berria. Honek diseinu eta egitura berriak ditu. Herritarrentzat erakargarriagoa, arinagoa eta bereziki, irakurterrazagoa egiteko helburuarekin eman zaio itxura berria udal aldizkariari.

Aldizkariak, udal jardunaren, Lezoko gai garrantzitsuenen eta herritarren intereseko gaien inguruko informazioa jasoko du modu argi eta zuzenean.Era berean, lezoarrek beren txokoa mantenduko dute aldizkarian, herritarren parte hartzea ezinbestekotzat jo baita.

Hizkuntza irizpideei dagokienez, lehentasuna euskarak izango du noski, baina hainbat eduki elebitan argitaratuko dira inor ez dadin baztertua sentitu, izan ere, udaleko informazioa herritarrek eskuragarri izatea da helburu nagusia. 

Horiek horrela, aldizkari berriak 3 atal nagusi izango ditu: lezo egunez-egun, lezo gertutik eta lezoarren iritzia.

  • Lehen atalak, alkatearen gutuna eta udal jardunaren inguruko albisteak jasoko ditu, beraz gai garrantzitsuenen, hartutako erabakien eta Lezo eta lezoarren alde egindako lanaren inguruko informazioa jasoko ditu.
  • Bigarren atala berriz, herritarrei zuzendua dago eta herritarren intereseko gaien inguruko erreportaje edota elkarrizketak bilduko ditu. Ale honetan, adibidez, jarduera fisikoari buruzko aholkularitza zerbitzuaren arduraduna elkarrizketatu da, herritarrek beren ongizate fisiko zein mentala hobetzeko eskuragarri duten doako zerbitzua ezagutu dezaten. 
  • Hirugarren atala, iritzien atala da, bertan kale inkesten bidez herritarrek gai ezberdinen inguruko iritzia eman ahal izango dute eta alderdi politikoek ere beren iritzi artikuluak plazaratzeko espazioa izango dute. Amaitzeko, kontra-azalean kultur egitarauari buruzko informazioa jasoko da, garaian-garaiko ekintzak iragarriz.

Gaur helduko da aldizkaria etxeetara eta aurrerantzean hiru hilean behin argitaratuko da aldizkaria. Udaletik, herritarrek aldizkari berria gustuko izatea espero da. 

Arloa edo saila