“Batetik Bestera: Kontzertua” haurrei eta familiei zuzendutako proposamen eszeniko-musikala izango da. Musika, umorea, antzerkia eta poesia uztartzen dituen sorkuntza originala. Abestiek gure ingurumenaren ezagutza, babesa eta maitasuna sustatzen dituzte eta elkartasuna, elkarbizitza, kulturartekotasuna balorean jartzen dituzte. “Eki arrano arrantzalea (eta arrain arranozalea)”, “Ubarroiarena”, “Argi, mozoloa”, “Partekatu”… Guretik igarotzen diren txoriei eta euren ohiturei buruz arituko gara. Elkarrekin abestu dezagun!
Benetan Be Teatroaren sorkuntza lanetan musika eta antzerkia elkarren eskutik joan dira beti. 2022an estreinatu genuen “Batetik Bestera” antzezlana eta haren sorkuntza prozesuan zehar, abesti eta kanta sorta bat osatu genuen. Ondoren, su txikian ondu eta grabatu genituen abestiak “Batetik Bestera” disko ederra osatu arte. Haurrak izan ditugu gogoan abestiak garatzerakoan, baina helduak ere bai. Guk gustura egiten dugun musika egin dugu, guk gure haurrekin batera entzun eta kantatu nahi duguna.
Txoriburu izango gara hausnarketarako abiapuntu izateko grinaz.
LANTALDEA:
Patricia Urrutia: Hitzak, musika eta testua. Ahotsa eta biolina
Josu Aginaga: Moldaketak. Gitarra, baxua eta koroak
Andrés Letamendia: Moldaketak eta ekoizpena. Bateria eta koroak
Edu Berja: Argiztapen diseinua
Rober Quintana: Diseinu grafikoa
Maialen Magunagoitia: Bideoaren edizioa
Behar izanez gero Sarean eskuratu dezakezu ekitaldi honetarako sarrera.