Lurraren Berotzearen Aurkako Ekintzaren Munduko Eguna dela eta, Oarsoaldeko Energia Bulegoak tokiko komunitateari dei egiten dio, berotegi efektuko gasen isuriak murrizteak duen berebiziko garrantziari buruz hausnartzeko.
Berotegi-efektuko gasen isuriak handitzeak eta horren ondoriozko berotze globalak ondorio garrantzitsuak dituzte planetarentzat zein gizartearentzat. Lurrean, muturreko gertaera klimatikoen gorakada nabari da, hala nola, bero bolada luzeak, muturreko prezipitazio-gertaerak edo intentsitate handiagoko ezohiko ekaitzak. Gainera, betiereko izotz-masen urtzeak pixkanaka itsasoaren maila igotzen du, basamortuak hedaduran hazten doazen bitartean. Guzti horrek osasuna eta elikadura-segurtasuna arriskuan jarri, migrazioak behartu edo galera ekonomiko handiak eragin ditzake gizakiarentzat.
Berotze globalaren aurrean ekitea funtsezkoa da biodibertsitatea eta ekosistemak babesteko, egungo eta etorkizuneko belaunaldien osasuna eta ongizatea zainduz, gizakiarenak zein izaki bizidun guztienak. Karbono dioxidoa (CO₂) eta metanoa (CH4) bezalako gasen isurketek, gure planetari eragiten dion klima-aldaketa bizkortzen dute. Hori dela eta, Oarsoaldeko Energia Bulegotik pertsona guztiei dei egiten diegu, gure eguneroko ekintzek arazo honetan daukaten eragina kontuan hartu eta gure eragina murrizteko neurri zehatzak har ditzaten.
Lurraren Berotzea Mantsotzen laguntzeko Aholku Praktikoak:
Banakako pertsonentzako aholkuak:
Garraio Arduratsua: garraiobide jasangarriak aukeratu, hala nola garraio publikoa, bizikleta edo oinez ibiltzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz.
Energia Eraginkortasuna Etxean: energia-eraginkortasuna hobetzeko neurriak hartu, hala nola etxetresna elektriko eraginkorren erabilera, isolamendu termikoa ezartzea eta giro-tenperaturaren kontrola.
Energia Berriztagarriak: zure etxean eguzki panelak edo aerotermia bezalako energia-iturri berriztagarriak ezartzeko, edo jatorri berdea bermatzen duen argindar hornidura kontratatzeko aukerak kontuan hartu, erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko.
Kontsumo Arduratsua: kontsumoarekiko ikuspegi kontzientea hartu, alferrikako kontsumoa eta erabilera bakarreko produktuak saihestuz. Produktuak murriztu, berrerabili eta birziklatu, ingurumenarekiko lagunkoienak lehenetsiz.
Ingurumen Hezkuntza: beste pertsonei karbono-aztarna murriztearen garrantziaren berri eman eta ingurumen-kontzientzia sustatzen duten hezkuntza-jardueretan parte hartu.
Enpresentzako aholkuak:
Energia-eraginkortasuna ekoizpenean: ekoizpen-prozesuetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak ezarri, jarduerei lotutako isuriak eta gastuak murriztuz.
Energia Berriztagarriak: prozesuak elikatzeko energia-iturri berriztagarriak ezartzeko aukera aztertu, energia eredu jasangarriago baterako trantsizioan lagunduz.
Teknologia Garbiak: teknologia garbiak txertatu ekoizpen-katean, ingurumen-inpaktua gutxitu eta praktika jasangarriak sustatuz.
Barne Ingurumen Politikak: ingurumen-erantzukizuna sustatzen duten barne-politikak ezarri, hala nola baliabideen erabilera arduratsua edo hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea langileen artean sustatuz.
Berrikuntza Jasangarria: enpresa-jarduera jasangarri eta berritzaileetan inbertitu, enpresak gizarte- eta ingurumen-erantzukizunarekiko duen konpromisoa erakutsiz.
Aholku praktiko hauei heltzean, norbanako eta enpresa bakoitzak funtsezko zeregina izan dezake berotze globalaren aurkako borrokan eta ingurumenaren babesean.
Oarsoaldeko Energia Bulegoak komunitatearekin lankidetza estuan jarduteko konpromisoa berresten du, praktika jasangarriak sustatzeko eta etorkizun berdeago eta erresilienteagoa eraikitzeko.
Informazio gehiago jasotzeko, mesedez jarri harremanetan:
Oarsoaldeko Energia Bulegoa
943344160
Olibet 6, 20.100 Errenteria