Orain, inoiz baino gehiago, herritarren erantzukizun kolektibo eta indibidualari dei egiten dio Lezoko Udalak

Al, 2020-11-09 10:57

Azken egunotan herrian eman diren Covid-19 kasuen gehikuntzaren harira, Udaletik lasaitasuna mantendu eta zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko eskatu dute, Osasun Sailak ezarritako neurriak errespetatuaz eta beteaz.

Covid-19a gogor kolpatzen ari da oraingo honetan Gipuzkoa eta dagoeneko 18 dira jada birusaren intzidentzia altua izateagatik kolore gorriz markatuta dauden udalerriak, horien artean Lezo egonik.

Egoera honen aurrean, Lezoko Udalak orain, inoiz baino gehiago, herritarren erantzukizun kolektibo eta indibiduala eskatu du eta lasaitasuna mantendu eta zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin die lezoarrei.

“Momentu gogorrak bizitzen ari gara eta orain inoiz baino garrantzitsuagoa da lasaitasuna mantendu eta Osasun Sailak agindutako neurriak jarraitzea”, adierazi dute Udaletik.

Gauzak horrela, osasun neurri guztiak bete eta errespetatzea eskatu die Udalak herritarrei eta besteak beste, musukoa beti jantzita eramatearen garrantzia edota urruntze soziala mantentzearena azpimarratu ditu, horretarako bilera sozialak edota familia elkartzeak ahal den neurrian ekidinez. “Gure burua zaintzea da gainerakoak zaintzeko modurik onena eta horrela lortuko dugu egoera honetatik ahalik eta azkarren irtetea”, amaitu dute Udaletik.