Ekitaldi ugari aurtengo XXXI. Lesoinu edizioan

Az, 2017-03-15 12:40

Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren 31. edizioa ospatuko da aurten eta dagoeneko musika ekitaldi artistiko hau erreferente bilakatu da Lezon, eskualdean eta baita Euskadin ere. Hainbat musika ekitaldi antolatu dira guztien gozamenerako; bertako zein kanpoko talde ezberdinek parte hartuko dute eta musika emanaldiez gain, formakuntza ikastaroak eta bestelako jarduerak ere eskainiko dira.

Gaur goizean prentsaurreko bidez aurkeztu dute Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak, eta Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako arduradunak, Xanti Espinak eta bertako zinegotziak, Alfredo de la Puentek, aurtengo Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren 31. edizioko egitaraua.

80. hamarkadan martxan jarritako egitasmo honek urteen poderioz indarra hartu du eta erreferentziazko ekitaldia bihurtu da eskualde zein Euskadi mailan. Espinaren hitzetan,ikasle, guraso, langile eta erakundeak dira ekimen honen arrakastaren gako nagusiak, eta ezbairik gabe, baita protagonista nagusiak ere, haien lanari, inplikazioari, musikazaletasunari eta babesari esker baita posible 31. urtez Lesoinu antolatu ahal izatea.

Lesoinu izaera pedagogikoa duen musika zikloa da, musika bizi duten guztiei zuzenduta dagoena; hau da, ikasleei, irakasleei edota mota guztietako musika zaleei dago bideratuta. Gauzak horrela, guztien gozamenerako egitarau zabala antolatu da, bertako zein kanpoko talde ezberdinen parte hartzearekin. Musika emanaldiez gain, gainera, formakuntza ikastaroak eta beste jarduera batzuk eskainiko dira, hala nola, tailerrak edota erromeriak.

Joan den urtean bezala, aurten ere, Lesoinuren egitaraua maiatzeraino luzatuko da. Martxoaren 24tik apirilaren 8ra bitartean ospatuko dira emanaldi ia guztiak, baina azkena, maiatzaren 6an izango da. 

Martxoko ekitaldiak

Aurtengo XXXI. Aste Pedagogiko Musikalaren egitarauari  Abesbatzen Kontzertuak emango dio hasiera; martxoaren 24an, arratsaldeko 19:00etan Gezalan, Hendaiako Entzun eta Lezoko Sutargi abesbatzek eskainiko duten kontzertuarekin, hain zuzen. Martxoaren 25ean, banden topaketa egingo da, arratsaldeko 18:00etan, Gurutze Santuaren plazan eta Tomas Garbizu Musika Eskolako Bandaren 25. urteurrena ospatuko da. Hurrengo egunean, martxoak 26, Bluess Kontzertua eskainiko du The Romanticos taldeak Gezalan, arratsaldeko 19:00etan.

Martxoko ekitaldiekin amaitzeko, hilaren 30ean, 18:00etan, tailer didaktikoa eskainiko dute T.L.U.M.E.ko irakasle eta ikasleek. Ostiralean berriz, martxoak 31, Gospel kontzertua emango du The Lord taldeak arratsaldeko 19:00etan.

Apirileko ekitaldiak

Apirila ere ekitaldiz josia datorkigu. Hilabetea MEB taldearen ekitaldiarekin hasiko da, apirilaren 1ean eguerdiko 12:30ean. Egun berean, arratsaldeko 19:00etan, Folk-jazz kontzertua egongo da Trad/fusion band taldearen eskutik. Biak Gezala auditorioan izango dira. Apirilak 2an, erromeria egongo da Gurutze Santuaren plazan txalapartariekin, txistulariekin, trikitilariekin eta dantzariekin. Hilaren 3an, batetik, T.G.L.U.M.E.ko irakasle eta ikasleek kontzertu pedagogikoa eskainiko dute goizeko 11:00etan eta, bestetik, Josu Sarasak Informatika Musikala tailerra emango du arratsaldeko 18:30ean eta 19:30ean Musika Eskolan.

Hilaren 6an T.G.L.U.M.E.ko ikasleek Gezalan, arratsaldeko 18:00etan, musika kontzertua emango dute. Apirilak 7, ekitaldiz betea datorkigu baita ere. Hasteko, 17:00etan eta 18:00etan Musika Eskolan etxeko txikienentzat “Musikaren jolasean” tailerra emango du Itziar Izagirrek. Ordu berean, 18:00etan, eta leku berean T.G.L.U.M.E.ko Hari Orkestrak Orkestra Tailerra emango du. Eguneko ekitaldiekin amaitzeko, Akordeoi Kontzertua eskainiko du Lauhaizeta Akordeoi Taldeak Gezala auditorioan, arratsaldeko 19:30ean.

Apirileko azken musika saioa hilaren 8an izango da, eguerdiko 12:30ean, Kantujira ospatuko baitaAiton Bordatik hasita.

Maiatzeko ekitaldiak

Kultur programazioarekin amaitzeko, maiatzak 6ean, goizeko 11:00etan Musikoterapia tailerra emango du Itziar Izagirrek, Musika Eskolan.

 

Arloa edo saila