Lesoinu, XXXVII. Aste Pedagogiko Musikala, aurkeztu da

Az, 2023-03-15 13:00

16 ekitaldi antolatu dira ostiraletik aurrera.

Lezoko Udalak Lesoinuren, XXXVII. Aste Pedagogiko Musikalaren, aurkezpena egin du gaur goizean. Bertan, Laura Martinez (Lezoko jarduneko alkatea), Ion Pombar (Kultura zinegotzia) eta Xanti Espina (Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendaria) izan dira.

Ion Pombarren hitzetan: “edizio berri hau martxoaren 17an hasi eta 30ean amaituko da. Udala, Kultura departamentua eta Musika Eskolaren artean egitarau bikaina antolatu da aurten ere, guztira 16 ekitaldi izango dira”.

Espinaren ustez, “betiko energiarekin, gogoarekin eta ilusiorekin gabiltza. Jaialdi artistiko hau erreferente bilakatu da Lezon, eskualdean eta maila batean Euskal Herrian ere”.

Lesoinu hainbat ataletan banatu genezake: Kontzertu pedagogikoak, gazteen kontzertuak, kontzertu profesionalak, ikastaroak eta giroa kalean.

Ekitaldi gehienak doakoak izango dira, informazio guztia udalaren webgunean kontsulta daiteke.

“Lesoinuren helburua musika zaletasuna sustatzea da. Ikasleak motibatuta edukitzea ezinbestekoa dela uste dugu” amaitu du Espinak.

Arloa edo saila
Eranskinak