XXXIX. LESOINU ABIATZEAR DA

Al, 2025-03-24 13:38

Gaur goizean Lesoinuren XXXIX. edizioa aurkeztu du Lezoko Udalak. Martxoaren 29tik maiatzaren 11era bitarte 14 ekitaldi bilduko ditu. 

Gaur goizean Lesoinuren XXXIX. edizioa aurkeztu du Lezoko Udalak. Mikel Arruti (Lezoko alkatea) eta Xanti Espina (Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako arduraduna) izan dira aurkezpenean.

14 ekitaldi jasoko ditu aurtengo edizioak, mota askotarikoak izango dira eta gehienak doan. Kontzertuak, formazioak, ipuin musikalak eta ekitaldi parte hartzaileak izango dira Lezon, besteak beste, Lesoinuk iraun bitartean. Lehenengo emanaldia martxoaren 29an izango da, eta Lesoinu itxiko duen azken ekitaldia, maiatzaren 11ean. Ia bi hilabetez herrian musikarekin modu ezberdinetan gozatzeko aukera izango da. 

Xanti Espina TGLUMEko zuzendariak egitarauaren inguruan informazioa eman du. Hamalau ekitaldiak hiru zutabe nagusitan banatuko direla azaldu du: formazioa, parte-hartzea eta profesionalen saioak. 

Formazio-saioetan bi azpimarratu ditu Espinak:

  • Musikosophia: musikaz gehiegi jakin gabe, kontzertu bat entzuten ikasi nahi dutenei zuzenduta, bi saio izango dira, 17:00etan gaztetxoenentzat eta 18:30 helduagoentzat. Ainhoa Pintosen eskutik, apirilaren 4ean.
  • Musika eta zinema: musika zinema bezalako beste arte espresio moduetan nola uztartzen den ikasteko jardunaldia izango da. Gazteentzat musikaren produzkioaren inguruan aukera-lehio berriak zabaltzeko aproposa den jardunaldia. Aitor Amezagaren eskutik, apirilaren 9an, 19:00etan. 

Saio parte-hartzaileak Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek egiten duten lana kaleratzeko izango dira, haien presentzia handia izango da egitarauko ekitaldietan.

Azkenik, profesionalak aipatu ditu TGLUMEko zuzendariak, musikaren alor askotan eta musikarekin ezberdin lotzen diren musikarien emankizunak izango dira. Musikeneko ikasleen emanaldiak, kontzertuak edota euskal musika ardatz duten ikus-entzunezko bestelako saioak izango dira. 

Ekintza guztiak doan izango dira apirilak 11eko ‘Hegoak’, antzerki musikala izan ezik, 8 €-an sarrera eskuratu beharko da emanaldiaz gozatzeko (Udaleko webgunean eskuratu ahal izango dira sarrerak). Lesoinuren helburua musika ikasleengana eta orokorrean herritarrengana gerturatzea da eta horregatik hainbat ekitaldi kalean izango dira, baina eguraldi txarra eginez gero Gezala auditoriumean egingo dira. 

Beste urte batez Lesoinu aurkeztu dute, musika emanaldiz, formazioz eta esperientziaz betetako egitaraua prestatu dute XXXIX. ediziorako. 80ko hamarkadan hasi zen egitasmoa, aste pedagokioaren izaera hartu zuen, baina urteen poderioz indar handiko egitaraua biltzen duen zikloa da.

Pedagogia ardatz izaten jarraitzen du, musikaren inguruko saioak dira oinarria eta musika ikasleei, irakasleei edota zaleei zuzentzen zaie. Izan ere, Arrutik azaldu duen moduan, “egitasmo honen historia luzea da, herriari egiten dion ekarpen kulturala oso garrantzitsua da eta horregatik hartu du egun duen garrantzia, ez soilik Lezon, baizik eta inguruko herrietan ere. Egitaraua anitza eta askotarikoa da, herritar guztientzat da Lesoinu, musika denontzat baita aberasgarria”.
 

Mikel Arruti eta Xanti Espinak lezoar guztiak egitarauko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte. 

Arloa edo saila
Eranskinak