“Euskara eroso bizitzeko” lelopean zabaldu du 2024-2025 ikasturteko matrikula garaia AEKk. Kanpaina horri bultzada eta oihartzuna eman asmoz, Lezoko Udalak, Oroitzene AEK euskaltegiak eta Hezikuntza eta Errota Herri Eskola/Pasaia-Lezo Lizeoko guraso elkarteek agerraldia egin dute. Lezoko herritarrak animatu nahi izan dituzte, herriko hizkuntza, euskara, ikasteko urratsa eman dezaten.
Lezo UEMAko herria da, eta euskaraz bizi nahi duen herria. Horretarako, ordea, administrazion zeregina da herritarrei baliabideak eskaintzea. Gure lehen erronka, lezoar guztiei euskara ezagutzeko eskubidea bermatzea da, hori baita aukera berdintasuna bermatzeko bidea eta guztiok euskaraz eroso bizi ahal izateko baldintza”. Iker Salaberriak Euskara zinegotziak, hitz horiekin arrazoitu ditu Lezoko Udalak herritarrek euskara ikasteko eskaintzen dituen laguntzak. Izan ere, azken ikasturteetan bezala, 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten guraso zein aitona-amonei matrikula murriztua eskainiko zaie, hau da, %33 besterik ez dute ordaindu beharko. Aurten, gainera, 2024-25 ikasturte amaieran klaseetara %75ko asistentzia frogatzen duten guztiei ordaindutako matrikula osorik itzuliko zaie, maila gainditu behar izan gabe.
Udalak herritarrei emango dizkien dirulaguntzez gain, iIkasturte honetan, AEKko matrikula-prezio berezia izango dute A1 mailakoek -hasi berriek- zein C1 mailari begirako 16-18 urte bitarteko nerabeek. Helburua euskara eroso ikastea eta bizitzea da Oroitzene AEKko Idoia Arbelaitz eta Edurne Lizarazu kideek azpimarratu duten bezala: “Aurtengo ikasturtea Euskara eroso Bizitzeko lelopean abiaratu dugu. Denok euskaraz eroso bizi behar dugulako, euskara eroso bizi behar dugulako eta ikasleek euskara ikasten ere eroso bizi behar dutelako”.
Ahalbidetu diren erraztasun horietaz baliatuz, alegia, herritarrak matrikulatzera eta euskara ikastera gonbidatu nahi ditu Iker Salaberria zinegotziak: “Euskara ikasteko pausoa emango duen edonori herri bizitza sakonago bizi eta gozatzea, lan aukera berriak izatea, harreman berrietara zabaltzea, edota kultura berri bat ezagutzea ekar dakieke. Lezon euskaraz bizi dugun guztiok ere biziki eskertuko diegu ahalegina”.
Bide beretik mintzatu dira Deiene Ziganda, Hezikuntzako (Herri Eskola) eta Idoia Zarrabeitia eta Josune Almandoz Errotako (Pasaia-Lezo Lizeoa) guraso elkarteko kideak: “Lezoko herritarrak animatu nahi ditugu euskara ikastera, euren seme-alaben euskalduntze prozesuaren partaide izan daitezen, lagun diezaieten eta haiekin batera euskaldundu daitezen. Horrela, Lezon euskararen normalizazioan eragin dezaten, herriko hizkuntza paisaia irauli dezaten”.
Ikastaro aukera luze-zabala
- A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak
- Hizkuntza-eskakizunak ateratzeko ikastaroak
- Mintza-taldeak
- Goizeko, eguerdiko zein arratsaldeko jardunak
- Lanean txandaka ibiliz gero, euskaltegian ere txandaka aritzeko aukera
- Aurrez aurreko eskolak edota autoikaskuntzaren bidez ikasteko aukera