URTARRILETIK MAIATZERA DIZIPLINA ANITZEKO 45 EKITALDI IZANGO DIRA LEZON

Og, 2024-12-19 12:46

Lezoko udaleko pleno aretoan, 2025eko urtarrila eta maiatza arteko kultura agenda aurkeztu dute Jon Legorburu kultura zinegotziak eta Xanti Val kultura teknikariak. Prentsaurrekoak une berezia izan du Jon Legorburuk hil berri den Patri Urkizu alkate ohia eta euskal kulturaren erreferentea gogora ekarri duenean: "Lezoko frankismoaren ondorengo alkatea izan zen bai, baina era berean, euskal kulturaren eta literaturaren erreferenteetako bat ere bai. Agerraldi hau aprobetxatu nahi dugu bere izena goraipatzeko".  

2025eko urtarriletik maiatzera bitartean Lezon gauzatuko diren 45 ekitaldiak aurkeztu dira gaur. Programazio zabal eta anitz horrek publiko mota guztientzat pentsatutako jarduerak barnebiltzen ditu, hainbat tokitan eta diziplina ezberdinetan antolatuta.  

Egitarauan haurrei zuzendutako jarduerak, haur eta familia zinema, dantza, antzerkia, ipuin-kontaketak, literatura solasaldiak eta musika emanaldiak nabarmentzen dira. Helburua kultura eskuragarri eta askotarikoa eskaintzea da, Lezoko bizilagun guztiei esperientzia aberasgarriak eskaintzeko.

Pleno aretoan aurkezpenean

Kultura zinegotzi Jon Legorbururen arabera, "kultura agendak Lezoko nortasuna eta komunitatea indartzen ditu, belaunaldi ezberdinak elkartuz eta gure kulturaren aberastasuna partekatuz".
Bestalde, Xanti Val kultura teknikariak azpimarratu du tokiko kultura espazioek duten garrantzia, “udalerrian zehar ekimen ugari antolatzeko aukera ematen dutelako, tokiko ondare kulturala sustatuz".  

45 ekitaldiko egitarau honek kulturaren bidezko topaleku bihurtuko du Lezo, eta bertako herritarren parte-hartzea sustatzeko deia luzatu dute aurkezpenean.

 

 

Arloa edo saila