2003.eko Ekainaren 9ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2003ko ekainaren 9an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (Batasuna) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (Batasuna), Juli Del Sol Bermejo (Batasuna), Iñaki Labaka Loperena (Batasuna), Inmaculada Muñoz Martinez (Batasuna), Iñaki Zabaleta Zabala (Batasuna), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE).

Ez dira bilkurara etorri: Imanol Esnaola Arbiza (Batasuna), Gurutze Sein Cordero (EA), Jesús Mª Martiarena Jaka (EAJ) eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE).

Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

Alkateak dio, gaurko bilkuran tratatuko diren irisgarritasun plana eta oztopo arkitektonikoak saihesteko dirulaguntzen gaietan interesa duten bi pertsona badaudela eta ezin dutela areto honetaraino iritsi. Horregatik eskatu du Udal Alondegian egitea pleno hau, lokal hura prestatua baitago elbarriak aretoraino iritsi ahal izateko.

Mikel Antxon Arrizabalaga aurka azaldu da baina beste guztien oniritziarekin bilkuraren tokia aldatzea erabaki dute.

Behin Alondegian gaudelarik, alkateak, bilkurako gaien eztabaidari mesede egingo diolakoan, lehenengo puntua hirugarrenera pasatzea proposatu du, bigarrena eta hirugarrena aurreratuz lehenengora eta bigarrenera. Onartu da alkatearen proposamena.

1.- Proposamena, Lezoko Udalerriko Irisgarritasun Plana onartzeko.

Ima Muñozek aurkeztu du proposamena. Gogoratu du Ongizate Batzordeak, zinegotzien quorumik gabe baina elkarte ezberdinekin, bi bileratan landutakoaren ondorio dela. Hau da erabaki proposamena:

" 2001.ean Lezoko Udalak eskaera egin zuen Gipuzkoako Aldundiko Gizartekintza Sailean ONCE eta INSERSOrekin batera irisgarritasun planak idazteko garatzen ari ziren ekimenean Lezokoa ere sar zezaten.

Eskaera ontzat eman eta 2002.ean zehar "ADIR accesibilidad directa" aritu da planaren oinarri teknikoak lantzen, irisgarritasun arazoen zerrenda egiten eta irtenbide orokorren aukerak aztertzen.

Horrela osatutako dokumentua 2003ko martxoan jaso da Lezoko Udaletxean eta, zerbitzu teknikoek aztertuta Ongizate batzordean aurkeztu eta eztabaidatu da 2003/04/09an eta 2003/05/07an.

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: ADIR enpresak egindako Lezoko Udalerriko Irisgarritasun Plana betetzeko irizpide orokorrak eta ezarpen faseak onartzea."

Pello Garbizuk Udal Zerbitzu teknikoen informea bota du faltan. Hirigintzarekin oso lotua dagoen gaia izanik batzorde horretan ez tratatzea ere faltan bota du. Dio, intentzio hutsa dela orain plana onartzea korporazio honek ezin duelako gauzatu eta gutxiago 2004rako proposatzen diren konpromiso ekonomikoak hartu. Horregatik guztiarengatik gaia mahai gainean uztea proposatu du.

Alkateak dio aurkeztu den bezalako planaren aurrean esandakoak aitzakiak direla, ez ezagutzaren aurrean ematen diren aitzakiak, plana ez baita konpromiso ekonomikoa soilik, askoz gehiago delako (irizpide, lehentasun, ...) eta beste erakundeetatik dirulaguntzak jasotzeko atea irekitzen duena.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio bere taldea irisgarritasun plana egitearen alde dagoela baina hurrengo korporazioa izango dela zein plan eta zenbat gastatuko duen erabakiko duena.

Gaia diktaminatu gabe dagoenez gaia tratatzearen premia bozkatuko da. Bozketa horrek Pello Garbizuk mahai gainean uzteko egindako proposamena ere bozkatzea suposatuko du: premia onartzen ez bada, gaia mahai gainean utzi dela esan nahiko du.

Premiaren alde sei boto izan dira, alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak; bi boto aurka, EAJ eta EAko zinegotzienak; eta abstentzio bat, PSEko zinegotziarena.

Mikel Mitxelena zinegotziak eskatuta, hitza eman zaie aretoan dauden Lezoko eta Gipuzkoako Elbarrien Federazioko ordezkariei. Haiek planaren ekarpenak azpimarratu dituzte eta elkarlanerako borondatea adierazi dute.

Ondoren proposamena bozkatu da eta onartu egin da, aldeko sei botorekin, alkatearen eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak eta hiru abstentzio, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.

2.-Proposamena, oztopo arkitektonikoak saihesteko diru-laguntzak.

Alkateak dio, gai zerrendarekin batera bidalitako proposamenaren titulua zuzendu behar dela eta haren bigarren zatia kendu, hau da, "eta kasko zaharreko etxebizitzak birgaitzeko" kendu egin behar dela.

Honela dio proposamenak:

"Guztiok dakigu Botere Publikoek eta Gizarteak gutxituak diren hiritarrei edo mugitzeko zailtasunak dituztenei, sarbideak, zirkulazio librea, segurtasuna eta dauzkaten beharrei erantzuteko erraztasunak emateko betebeharra dutela.

Lezoko Udala, betebehar honi erantzun behar diola jakinik eta gure hiria eta hiriko eraikinak bizitzeko egokiak izateko arlo guztietan erabateko eskuduntza, zuzenekoa, duela jakinik, ahalegin ekonomiko garrantzitsua egiten ari da bide publikoan dauden oztopo arkitektonikoak desegiteko.

Baina beste urrats bat egin beharra dago, eskura dauzkagun neurri guztiak hartu behar dira edozein arrazoirengatik inguru hurbilenean beren mugikortasuna murriztuta duten pertsona guztiei Lezon barrena nola zirkulazioa hala bizikidetza errazteko. Gure ingurua ondo aztertuta, egiaztatu egiten da hiritar-talde garrantzitsu bat bere etxebizitzetan egotera behartuta dagoela, pertsona horien etxebizitzetan igogailurik ez dagoelako, edo atarietan nahiz eskailera-buruetan ezin gaindi ditzaketen oztopo arkitektonikoak daudelako.

Aurrera egiten jarraitzeko beharra kontuan izanik, Lezoko Udalak etxebizitzaren esparru hurbilean oztopo arkitektonikoak murrizteko neurri batzuk hartu nahi ditu akordio honen bidez. Horrenbestez, laguntza ekonomikoak eskainiko zaizkie beren etxebizitzetako elementu komunetan dauden oztopo arkitektonikoak desegiteko gastuetarako.

Aipatu laguntza ekonomikoak nolakoak eta nori zuzenduak izango diren erabakitzeko kontuan izan dugu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuak 2002ko abenduaren 30ean ateratako Agindua. Horrela agindu horretan arautzen dena aintzat hartuz bertan jasotzen diren baldintzak betetzen dituzten herritarrei Lezoko Udalak laguntza ekonomikoa eskainiko die.

Agindu hau edo bere edukia aldatuko balitz akordio hau ere egokitu egin beharko litzateke agindu berriak arautzen duenaren aipamena espresuki eginaz.

Hori guztia kontutan izanik, Udalaren Osoko bilkurak honako erabaki hau hartu du:

BAT: Oztopo arkitektonikoak saihesteko obrei Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzen %100 emango die Lezoko Udalak.

BI: Laguntza ekonomiko hauek Lezon erroldatuak dauden herritarrei eta jabe-kidegoei zuzenduak egongo dira Lezoko etxebizitzetan egiten diren obretarako.

HIRU: Dirulaguntzak eskatzerakoan Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskaeragileak.

LAU: Dirulaguntzak obretarako lizentzia eskaerarekin batera eskatuko dira.

BOST: Udalak, obrak amaitu ondoren, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztu ondoren emango du dirulaguntza."

Alkateak dio, udal aurrekontuan badela 18.000 euroko diru partida eginkizun honetarako. Dirulaguntza hauek urte hasieratik eman diren obra baimenetan izango omen dute eragina.

Pello Garbizuk eskatu du proposamenean aipatzen den Eusko Jaurlaritzaren Agindua zein den zehaztea abenduaren 30ean bederatzi agindu eman baitziren.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio dirulaguntza modu hau berria dela, beste udaletxeetan beste modu batera ematen direla dirulaguntza hauek eta ez dakiela zein emaitza emango duen, Jaurlaritzaren dirulaguntzak oso murritzak izaten direlako.

Alkateak dio Oarsoaldeak izan duen eskarmentutik eta haren teknikoek proposatutakotik ateratakoa dela. Hirigintza Batzordean aurkeztu zenetik inork ez duela besterik aurkeztu eta nahiko malgua dela aurtengo esperientziatik aldaketak egin ahal izateko.

Proposamena diktaminatu gabe dagoenez, haren premia bozkatu da lehenik. Premia onartu da aldeko sei botorekin, alkatea eta Batasunako gainontzeko zinegotziak, eta aurkako hiru botorekin, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.

Premia onarturik proposamena bera bozkatu eta ahobatez onartu da.

3.- Proposamena, Aurrekontuaren Aldaketa, aparteko kredituak (2/2003).

Alkateak dio proposamen hau, S-3ko azalera eskubidea esleitzeko kreditu aldaketa hau, beharrezkoa dela. Esan du gastu partida orain beharrezkoa bada ere gastua ez dela 2005 edo 2006 urte arte egin behar eta agian, orduan, aurreikusi ez diren sarrerak izango ditu Lezoko udalak eta gaur proposatzen den diru kreditua ez dela gero beharko. Maiatzaren 19an Hazienda Batzordean aurkeztutako 2004/2007 plan ekonomiko finantzariak udalaren inbertsio akumulatuaren ahalmena adierazten omen du, datozen urteetan aukeratzen diren eszenatokien arabera.

Mikel Antxon Arrizabalagak salatu du azalera eskubide horren esleipenak izan duen bide lotsagarria: udalak dirua jasotzetik dirua jartzera. Kreditu aldaketa berak ez omen du ez buru ezta hankarik; Kontuhartzaileak egindako txostena irakurri besterik ez dagoela.

Pello Garbizuk gaia mahai gainean uztea eskatu du eragin nabarmena duelako hurrengo korporazioan.

Gaiaren premia eta mahai gainean uzteko eskaera bozketa berean erabaki dira. Gaia tratatzearen alde sei boto izan dira, alkatea eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak eta hiru aurka, EAJ, EA eta PSEkoa.

Proposamenak honela dio:

"2003ko ekainaren 5ko 208 zenbakia duen Alkatearen Dekretua ikusirik eta Udal honetako kontuhartzailearen txostena ikusirik, honako erabaki hau hartu du Udalaren Osoko bilkurak:

BAT: 2/2003 Kreditu Aldaketarako espedientea onestea, Aparteko Kredituen modalitatean, Udal honen ekitaldi honetako Aurrekontuetan eragina duena; hori guztia egindako proposamenaren arabera egingo da eta honako kontu-sail hauek bereiziko dira:

BI: Hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea, erreklamaziorik egongo balitz egin ahal izateko. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, akordio hau behin betikotzat joko da, eta txosten honekin Aurrekontu Orokorrak onesteko ezarritako izapide berberak jarraituko dira."

Proposamena onartu da aldeko sei botorekin, alkatea eta Batasunako gainontzeko zinegotziak eta aurkako hiru, EAJ, EA eta PSEko zinegotziena.

4.-Proposamena, S-3 sektorearen baitan kokatzen den "A" Lursailaren azalera eskubidea esleitzea.

Alkateak erabaki proposamenaren berri eman du. Hau da proposamena:

"Lezoko Udalak 2003ko apirilaren 11n egindako osoko bilkuran S-3 sektorearen baitan kokatzen den "A" lursailaren azalera eskubidea esleitzeko lehiaketa publikoa arautuko zuen baldintza plegua onartu zuen.

Lehiaketa horren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2003ko apirilaren 30an argitaratu zen

2003ko maiatzaren 14an Lezoko Udalak osoko bilkuran arestian aipaturiko baldintza pleguaren hainbat atal aldatu zituen, ondorioz lehiaketaren iragarkia ere aldatu eta berriro argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2003ko maiatzaren 19an.

Aurkezpenak egiteko epean 3 enpresak igorri zuten proposamena, hain zuzen ere, Sukia Eraikuntza, S.A., Jauregizahar , S.L. eta UTE Fernadez-Brues.

Proposamen hauek jendaurreko ekitaldian ireki ziren 2003ko maiatzaren 27an. Ekainaren 3an kontratazio mahaia elkartu eta lehiaketa publiko honetara aurkeztu ziren hiru enpresen proposamenak aztertu zituen.

Arkitektoaren txostena aintzat hartuz, kontratazio mahaiak aho batez erabaki zuen S-3 sektorearen baitan kokatzen den "A" Lursailaren azalera eskubidea Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresari esleitzeko proposamena luzatzea Lezoko osoko bilkurari.

Guzti hori kontuan izanik, Udalaren Osoko Bilkurak honako erabaki hau hartu du:

BAT: S-3 sektorearen baitan kokatzen den "A" Lursailaren azalera eskubidea Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresari esleitzea baldintza pleguaren eta bere proposameneko baldintzetan.

BI: Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresari 30 eguneko epea ematea baldintza pleguko 17. atalean aipatzen diren berme eta aseguruak Lezoko Udalaren aurrean aurkez ditzan, azalera eskubidea eraiki eta lagatzeko kontratua izenpetzeko.

HIRU: Erabaki honen berri, proposamena luzatu duten enpresa guztiei ematea eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratzea."

Baita ere, dio alkateak, Kontratazio Mahaiaren proposamenaren berri eman zitzaien aurkeztu zuten hiru enpresei. Horrela Sukia Eraikuntzak, S.A. esleipenduna izango dela jakitun, kontratua aldatzeko proposamen bat luzatu diola Lezoko Udalari. Proposamen horretako aldaketak onartuz gero Lezoko Udalak ordaindu beharreko diru kopurua asko murrizten da, hain zuzen ere 996.000 euro ordaindu beharko lituzke (BEZ barne), aurreko eskaintzan 1.392.000 euro ordaintzeko proposamena egin zuenean. Bestalde proposatzen diren aldaketak ez dute azalera eskubidearen baldintza nagusietan eragiten; etxebizitza kopurua mantentzen da, urbanizazioa ez da ia aldatzen eta udalari eman beharreko azpiegiturak mantentzen dira.

Horren guztiarengatik alkateak aurreko proposamena ondorengo gehigarriekin onartzea proposatu du

BAT: S-3 sektorearen baitan kokatzen den "A" Lursailaren azalera eskubidearen esleipenari Sukia Eraikuntzak, S.A. enpresak proposatutako aldaketak onartzea.

BI: Aldaketa hauek azalera eskubidea eraiki eta lagatzeko kontratua izenpetzekoan dokumentu berean jasoko dira.

Pello Garbizuk esleipen proposamenaren legezkotasunari buruzko udal idazkariaren iritzia eskatu du. Idazkariak dio erabakia ezin dela hartu, udal aurrekontuetan ez dagoelako kontsignaziorik gastu hau ordaintzeko, aurreko puntuan onartutako kreditu aldaketak behin betiko onarpena ez duela oraindik eta hura izan arte ez dagoela kontsignaziorik. Horretaz gain gogoratu eta irakurri du udal kontuhartzaileak kreditu aldaketa proposamenari egindako txosteneko azken zatia. Honela dio kontuhartzaileak: "Que ha juicio del que suscribe la adjudicación de la ejecución de la obra del sector 3 de las NNSS de Lezo, objeto del presente expediente de modificación de créditos en base al principio de prudencia económica, deberá estar condicionada a la efectiva autorización pro parte de la Diputación Foral de Gipuzkoa de la concertación de la operación de crédito así como a la autorización del plan económico financiero a fin de obtener el equilibrio presupuestario, en los términos establecidos en la Ley 18/2001 anteriormente indicada."

Mikel Antxon Arrizabalagaren iritziz, ez da esleitu behar, zuhurtziak horrela eskatzen duelako, ez dagoelako fidatzerik orain arteko txostenekin: lehen udalaren alde ziren zenbakiak eta orain udalak diru pilo bat ipini behar baitu; azken orduan beste aldaketa batzuk proposatzen direlako, finantziazioa ez dagoelako ziurtatua.

Alkateak dio, egia dela hasieran beste planteamendu eta kalkuluak zeudela baino merkatuaren kontrasteak erakutsi omen du hasierako planteamendua ezinezkoa zela. Halere babes sozialeko 56 etxebizitza eta ongizate arlorako azpiegitura garrantzitsua prezio horretan lortzea interesantea izaten jarraitzen duela dio.

Gaiaren premia onartzea proposatu du alkateak. Onartu egin da aldeko sei botorekin, alkatearen eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak, eta aurkako hiru botorekin, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.

Proposamena bera alkateak egindako gehigarriekin onartu egin da, aldeko sei botorekin, alkatearen eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak, eta aurkako hiru, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.

5.- Proposamena, S-3 Sektorean egingo diren Babes Ofizialeko etxebizitzen esleipena arautzen duen baldintza plegua onartzea.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Honela dio:

"Lezoko Udalak S-3 Sektorean dagoen "A" Lursailaren azalera eskubidea esleitzeko asmoa du. Esleipen horren baldintzetako bat aipatu lursailean 56 babes ofizialeko etxebizitza egitea da. Horrela etxebizitza horien azalera eskubiderako izen ematea arautzeko baldintza plegu bat aurkezten da Udalaren Osoko Bilkurara.

Hori kontuan izanik Udalaren Osoko Bilkurak honako erabaki hau hartu du:

BAT: S-3 Sektorean egingo diren Babes Ofizialeko etxebizitzetan izen ematea arautzen duen baldintza plegua onartzea."

Diktaminatu gabe dagoenez haren premia onartzea eskatu du alkateak. Premia onartu da aldeko sei botorekin, alkatea eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak eta aurkako hiru botorekin, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.

Premia onartu ondoren proposamena bera bozkatu eta onartu da, aldeko sei botorekin, alkatearen eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak eta hiru abstentziorekin, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:30 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.600.etik 310.606.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna