Apirilaren 29an hasiko da atez ateko bilketa Lezon
· Apirilaren 18tik 23ra bitartean, bilketa sistema berriarekin hasteko herritarrek beharrezko izango dituzten bitarteko guztiak banatuko ditu Lezoko Udalak.
· Hondakinen gaikako atez ateko bilketa ezartzen Gipuzkoako 9.herria izango da Lezo
Lezoko Udalak hondakinen gaikako atez ateko bilketarekin apirilaren 29an hasiko dela iragarri du. Hala, Lezo Gipuzkoako bederatzigarren herria izango da hondakinen atez ateko bilketa ezartzen. Ainhoa Zabalo alkateak “harro” iragarri du hondakinen bilketa sistema berriarekin hastear direla, “Gipuzkoa Zero Zabor lurraldea izateko bidean, ahalik eta birziklatze maila altuenak” lortzeko helburuarekin.
Alkateak hondakinen bilketa sistema berria materia organikoa bilduz estreinatuko dela jakinarazi du: “Sistema berria Lezon lehenengo aldiz materia organikoa bilduz estreinatuko dugu. Atal organikoa biltzeko, lehenengo bilketa egunaren kasuan edukiontzi marroia atera beharko da bilketa puntuetara. Apirilaren 28ko gaueko 20:00etatik apirilaren 29ko goizeko 07:00ak arte utzi ahalko dira edukiontziak bilketa puntuetan.”
Sistema berriarekin hasteko herritarrek beharrezko izango dituzten bitartekoen banaketari buruzko azalpenak ere eman dituzte agerraldian udal ordezkariek. Ainhoa Intxaurrandieta zinegotziak azaldu ditu material banaketaren inguruko xehetasunak. Lezoko Udalak herritarrek beharrezkoak izango dituzten bitarteko guztiak banatuko dituela azaldu du Intxaurrandietak; Kultura Aretoan, apirilaren 18tik 23ra bitartean. Herritarrek, egunero, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara bitartean eskuratu ahalko dituzte beharrezko bitarteko guztiak: edukiontziak, errafiazko poltsak, poltsa biodegradagarriak, astekaria eta ordutegiak jasotzen dituen imana, hondakinak ongi bereizteko gida…
Intxaurrandietak azaldu duenez, “herritar guztien mesederako”, Udalak auzokako egutegi bat proposatu du:
Apirilak 18, osteguna: kaxkoa ijurko
Apirilak 19, ostirala: landa eremua
Apirilak 20, larunbata: san pedro-lopene
Apirilak 21, igandea: kaxkoa-alde zaharra
Apirilak 22, astelehena: altamira
Apirilak 23, asteartea: jauregialde
Udaletik, “ahal den neurrian”, egutegia errespetatu dadin eskatu bada ere, Intxaurrandietak azpimarratu nahi izan du “bateren batek dagokion egunean joaterik izango ez balu, noski, edozein egunetan jaso ahal izango duela beharrezko materiala”. Material banaketara gerturatu ezin duten familien eskura jarri da 943 52 15 38 telefono zenbakia, materialak jasotzeko modua zehazteko.
Ainhoa Zabalo alkatearen iritziz, Lezo hondakinen atez ateko bilketarekin hasten den Gipuzkoako bederatzigarren herria izatea “aurrerapauso garrantzitsua da ongizate iraunkorraren bidean”. Ziurtasunez adierazi du %28 eskas birziklatzetik, laster, hondakinen %80 inguru birziklatzera iritsiko direla Lezon, Zabaloren ustez, Udalak, beti, bere jardunean “ardura eta iraunkortasun irizpideak” lehenetsi izanaren ondorioz.