Antzerki eskaintza oparoa

Og, 2013-12-12 14:31

Gabonetako programazioaren barruan asteburuan hiru antzezlan ikusteko aukera izango da Gezala Auditoriumean

Antzerkiak protagonismo berezia izango du asteburuan. Lezoko Udalak antolatu duen Gabonetako programazioaren barruan, hiru antzezlan ikusteko aukera izango baita. Hirurak Gezala Auditoriumean izango dira, 20:30etatik aurrera.

Ostiralean, Eneritz Artetxe aktoreak Konpota izeneko bakarrizketa eskainiko du –Durangoko Azokan estreinatu berri du–. Dxusturi Teatrok ekoitzitako lana Philippe Gaulierrek idatzitako eta Antton Lukuk itzulitako testuan oinarritu du bere lana.

Konpota obrak ironia handiz kontatzen du suge batekin eta sagar batekin hartu-emanak dituan emakume baten istorioa.

Oihan Vega, larunbatean

Zergatik praktikatzen dugu sexua gaztelerazlana taularatuko du Oihan Vegak larunbatean. Umorea eta sarkasmoa erabiliz, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu. Lanak irauten duen bitartean, publikoarekiko interakzioa eta elkarrekintza etengabea da.

Gidoia osatzeko Kepa Errasti Euskal Telebistako gidoilari eta aktorearen laguntza izan du.

Metrokoadroa kolektiboa

Asteburuko antzerki zikloa Metrokoadroa kolektiboaren Poza, zergatik dantzatzen dute bosniarrek lanarekin amaituko da.

Arte ezberdinen arteko elkarrizketa abiatu dute Metrokoadroka kolektiboko kideek, elementu ez eszenikoetatik abiatuz eszenarako lan bat osatzeko, oholtzarako poesiaren bidean.

 

Sarrerak salgai

Arestian aipatu bezala, hiru antzezlanak Gezala Auditoriumean egingo dira, 20:30etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude bost euroko prezioan: aurrez, Lezoko Udalaren webgunean edo-eta Kultura sailean eros daitezke; eta egunean bertan, Gezalan.